Mundua -

Hegazkin istripua

Moskun eroritako hegazkinaren bi kutxa beltzak aurkitu dituzte

Hegazkinak hilabete arinago egindako azterketa mekaniko guztiak gainditu zituen.

Argunovo herrian jazo da istripua, Moskutik gertu. Argazkia: EFE.
Argunovo herrian jazo da istripua, Moskutik gertu.
Errusian ezbeharra izan zuen hegazkinaren bi kutxa beltzak aurkitu dituzte

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

71 pertsona zeramatzan atzo, igandea, arratsaldean eroritako hegazkinak. Larrialdi zerbitzuek Saratov Airlines konpainiako Antonov hegazkinaren bi kutxa beltzak aurkitu dituzte jada.

"Bigarren kutxa beltza egoera onean aurkitu dugu", esan dio larrialdi zerbitzuetako bozeramaileak Errusiako albiste agentziari. Erreskate-lanetan ari diren zerbitzuek ordu batzuk arinago aurkitu dute lehen kutxa beltza.

Hegazkinaren zatiak kilometro batean sakabanatuta gelditu dira, Errusiako Larrialdietarako Ministerioaren arabera.

"Erreskate-lanek etengabe jarraitzen dute. Hasierako faseak zazpi egun iraungo duela uste dugu", esan du Vladimir Puchkov ministroak.

Hegazkinaren zatiak sakabanatuta egoteak, hegazkina inguru elurtu batean erori izanak eta eremu horren ezaugarriek asko zaildu dituzte lan horiek, Puchkoven esanetan.

Mila lagun inguru, 191 ibilgailu eta gidari gabeko bederatzi hegazkin ari dira lan horietan parte hartzen.

Errusiako agintariek oraingoz ez dute inolako hipotesirik eman istripua zer dela eta gertatu den azaltzeko, eta ikerketa abian dela esan dute.

Hegazkinak Mosku eta Orsk (Uralak) hirien arteko bidaia egin behar zuen, eta Domodedovo (Mosku) aireportutik atera zen istripua izan baino minutu batzuk lehenago.

Hegazkin istripua Moskun. EFE

Tripulazioko sei kide eta 65 bidaiari (hiru haur horien artean) zihoazen bertan, eta denak hil dira. Biktimak Moskuko gorputegira eramango dituzte, gorpuak identifikatu eta DNA azterketak egiteko.

Hegazkinak azterketa mekaniko guztiak gainditu zituen

AN-148 hegazkinak orain hilabete gainditu du azterketa mekanikoa, eta aireratu aurretik derrigorrez egin beharreko proba guztiak "arazorik gabe" gainditu zituela esan du aire-konpainiak. Hegazkinak beste hiru bidaia egin zituen atzo bertan, istripua izan aurretik.

Istripu hori izan eta gero, Errusiako agintariak Antonov 148 hegazkin guztien hegaldiak bertan behera uzteko aukera aztertzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Errusia berriak Hegazkin istripuak albisteak Gaurko azken orduko albistea