Mundua -
Krisia Venezuelan
Venezuelako oposizioarekin akordioa adosteko 'dena prest' dagoela dio Madurok
Madudoren Gobernuaren eta oposizioaren arteko bakerako negoziazio elkarrizketak joan den abenduaren 1ean abiatu zituzten Dominikar Errepublikan.
Agentziak | erredakzioa
Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen hitzetan, chavismoaren eta oposizioaren arteko akordioa sinatzeko "dena prest" dago, Dominikar Errepublikan azken asteotan egindako negoziazio elkarrizketen ostean.
"Elkarrizketa demokratikoa sendotzeko parte hartu nahi duten ahots guztiak ongi etorriak izango dira. Dena prest dago oposizioarekin akordioa sinatzeko. Jose Luis Rodriguez Zapateroren laguntzarekin", idatzi du Twitterren Madurok.
Espainiako presidente ohiak elkarrizketetan bitartekari lanak egin ditu Madudoren Gobernuak eskatuta.
Abenduaren 1ean ekin zieten elkarrizketei Santo Domingon Danilo Medina presidente dominikarraren eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiaren babespean. Chile, Nicaragua, Bolivia, San Vicente eta Las Granadinas ere laguntza ematen ari dira.
Negoziazio horietan, Chavismoak, alde batetik, ANC edo Asanblada Nazioanal Konstituziogilea onartzeko eskatu dio oposizioari, eta bestetik, Venezuelako goi-funtzionarioei hainbat Gobernuk ezarritako zigorrak kentzeko eskatu du.
Oposizioak, berriz, Hauteskunde Batzorde Nazionala (CNE) berritzea, beraientzako "preso politikoak" direnak askatzea, herritarrei botikak eta elikagaiak emateko korridore humanitario bat zabaltzea eta oposizioak gehiengoa duen Parlamentuaren eskumenak lehengoratzea eskatzen du.