Mundua -
Epaiketa
Abdeslami 20 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du Belgikako Fiskaltzak
Epaitzen ari den auzitegiaren aurrean deklaratzeari uko egin dio Abdeslamek. “Isiltasunak errudun edo kriminal” bihurtzen ez duela ohartarazi du akusatuak.
Agentziak | Erredakzioa
Salah Abdeslami 20 urteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du gaur Belgikako Fiskaltzak. 2015eko azaroan, Pariseko atentatuetatik bizirik atera zen jihadista bakarra izatea leporatzen diote. Hilabete batzuk geroago Poliziak Bruselan aurkitu zuen, baina tiroketa baten ondoren ihes egitea lortu zuen. Bruselako tiroketagatik zigortzea eskatu du fiskalak.
Epaitzen ari den auzitegiaren aurrean deklaratzeari uko egin dio Abdeslamek lehen saioaren hasieran. “Isiltasunak errudun edo kriminal” bihurtzen ez duela ohartarazi du akusatuak, bertako komunikabideek jakitera eman dutenez.
“Epaitu nazazue, nirekin nahi duzuena egin, Alan konfiantza dut, ez dizuet inolako beldurrik”, esan du susmagarriak. Abdeslamen hitzetan, musulmanak “modurik okerrenean, errukirik gabe” tratatzen dituzte, “errugabetasun-presuntziorik ez guretzat”.
"Segada"
Fiskalaren ahotan, Abdeslamek eta Sofien Ayari beste auzipetu tunisiarrak, hirugarren jihadista batekin batera, “segada” bat egin zuten, poliziak hiltzeko helburuarekin. Hirugarren jihadista tiroketan hil zuten poliziek.
Ekintza terrorista izan zela argudiatu du Ministerio Publikoak, eta horregatik zigorrik handiena eskatu du: 20 urteko espetxealdia, horietatik gutxienez 13 urte betetzeko, terrorismoaren aurkako Belgikaren legearen arabera. Gainera, eskubide zibil eta politikoak kenduko lizkiokete.
Abdeslamen aurkako epaiketaren lehen saioa horrela amaitu da Bruselako Auzitegian. Datorren ostegunean bigarren saioa egingo dute. Defentsaren txanda izango da orduan.