Mundua -
ERREFERENDUMA
Presidente kargura berriro aurkeztu ahal izateko aukera ezabatu du Ekuadorrek
Ekuadortarrek zazpi gairen inguruko galderei erantzun diete: ustelkeria, berriz ere hautagai izateko aukera, parte-hartzea, gainbalioa, natura, meatzaritza eta adin txikikoei egiten zaizkien erasoak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekuadorko Hauteskunde Batzorde Nazionalak iragarri duenez, legea aldatzearen eta berriro hautagai izateko aukera ezabatzearen alde agertu dira herritarrak igande honetan herrialdean egindako erreferendumean. Nubia Villacis Hauteskunde Batzordeko presidentearen esanetan, baiezkoa nagusitu da erreferendumeko zazpi galderetan, botoen %68 zenbatuta.
Parte-hartzaileen %64,3k Ekuadorko Konstituzioa aldatzea babestu dute, herriak hautatzen dituen agintariek kargu berean behin bakarrik errepikatu ahal izateko.
Emaitzak ezagutu ostean Lenin Moreno Ekuadorko egungo presidenteak azpimarratu duenez, alderdi zaharrak eraberritzeko garaia da. Horrez gain, erreferendumeko garaipena irmoa izan dela gaineratu du.
Ekuadorko Gobernuak ukatu egin badu ere, Lenin Moreno presidenteak Rafael Correa presidente ohia berriro aurkeztea eragotzi nahi izan duela uste dute batzuek. Iritzi berekoa da Correa ere: "Nire kontrako erreferenduma da".
Normaltasuna izan da nagusi igande honetan Ekuadorren egin duten herri-galdeketan. Zazpi gairi buruzko iritzia eman dute galdeketa honetan ekuadortarrek: ustelkeria, berriz ere hautagai izateko aukera, herritarren parte-hartzea, gainbalioa, natura, meatzaritza eta adin txikikoei egiten zaizkien erasoak.
Behin betiko emaitzak bi aste barru emango dituzte ezagutzera.