Mundua -

85 urte zituen

Emilio Massera, Argentinako jazarpenaren ikurretako bat, hil egin da

'Zero Almirantea' 1976an estatu kolpea eman zuen militarretako bat zen, eta Argentinako tortura zentro handienetako bat zuzendu zuen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emilio Eduardo Massera almirante ohia, Argentinako diktadura (1976-1983) garaiko jazarpenaren ikurretako bat, hil egin da astelehen honetan, 85 urte zituela, herrialde horretako hedabideek jakinarazi dutenez.

Masserari bizi arteko espetxe zigorra ezarri zioten 1985ean, gizateriaren aurkako delituak egotzita. 1990ean indultatu egin zuen Carlos Menem presidenteak, baina, handik eta zortzi urtera, kartzelara itzuli zen adingabeak bahitzeagatik. Duela bi urte, Argentinako Gorte Nagusiak indargabetu egin zizkion indultu guztiak.

''Zero Almirantea'' (izen horrekin ezaguna zen) 1976an Isabel Peron presidenteari estatu kolpea eman zien militarretako bat izan zen, eta gobernuburua izan zen "Nazioa Berriro Antolatzeko Prozesua"n.

Halaber, Armadaren Mekanika Eskola Nagusiaren, hots, tortura zentro klandestino handietako baten zuzendari izan zen. Bertatik 5.000 pertsona pasatu ziren, eta asko itsasora bota zituzten "Heriotzaren hegaldi" ezagunetan.

Almirante ohia etxean atxilotuta zeukaten, egotzitako delituak ordaintzeko ezgai jo baitzuten. Espainiak, Italiak eta Frantziak atxilotzea eskatu zuten, hainbat krimen leporatuta herrialde horietan epaitzeko.

Giza Eskubideen aldeko erakundeen arabera, diktadura militar garaian 30.000 pertsona hil zituzten edo desagertu ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea