Mundua -
Gatazka diplomatikoa
Jesus Silva Fernandez Espainiak Venezuelan zuen enbaxadorea Madrilen dago jada
Mario Isea Venezuelako enbaxadorea pertsona ‘non grata’ deklaratu zuen Madrilek, eta Espainiatik alde egiteko 72 ordu eman zizkion. Honezkero Isea Venezuelan dago eta ez da Madrilera itzuliko.
Agentziak | Erredakzioa
Jesus Silva Fernandezek, Espainiak Venezuelan zuen enbaxadoreak, espainiarrek “babes berdina edo handiagoa” jasotzen jarraituko dutela ziurtatu du, “enbaxadak berdin funtzionatzen jarraituko duelako”, nahiz eta pertsona 'non grata' izendatu eta herrialdea utzi behar izan.
Adolfo Suarez Madril-Barajas aireportura heldu denean, Venezuelako herritar talde bat zain zuen Silvak. Venezuelarrek elkartasuna eta babesa adierazi diote Espainiako eta Venezuelako banderekin. Espainiako enbaxadoreak lan “ausarta” egin duela goraipatu dute manifestariek karteletan.
Diplomazialaria Simon Bolivar aireportutik abiatu da Venezuelari eskerrak eman ondoren. Gainera, Espainiatik Venezuelaren alde lanean jarraituko duela agindu Silvak.
Silvak herrialdea behartuta utzi ondoren, Espainiako Gobernuak Venezuelako enbaxadorea pertsona 'non grata' deklaratu zuen ostiralean, eta 72 orduko epea eman zion alde egiteko. Caracaseko agintariek hartutako neurriak ikusita, “proportzionaltasuna” eta “elkarrekikotasuna” argudiatu zituen Rajoyren Exekutiboak.
Honezkero Mario Isea Venezuelan dago, asteazkenean Maduroren Gobernuak kontsultetara deitu baitzuen. Horregatik, Madrilera ez itzultzea eta gatazka konpondu arte Caracasen geratzea espero du Moncloak.