Mundua -
Munduko Ekonomia Foroa
Trumpek lankidetza eskaini du Davosen, baina 'AEB lehendabizi' eta bere arauekin
“Orain une ezin hobea da zuen enpresak, lanpostuak eta inbertsioak Ameriketako Estatu Batuetara eramateko”, ziurtatu die AEBko presidenteak enpresaburuei.
Agentziak | Erredakzioa
“Ameriketako Estatu Batuak lehendabizi”, baina ez “Ameriketako Estatu Batuak bakarka”, esan dio gaur Donald Trump presidenteak elite politiko eta ekonomikoari. Lorpen ekonomikoak saldu, inbertsioak eskatu eta babesa eskaini die AEBko buruzagiak, baina bere arauen pean egingo dela argi utzi du.
Munduko Ekonomia Foroaren 48. edizioa itxi du Trumpek bere hitzaldiarekin. Buruzagiak barruan daraman enpresaburua atera du batzuetan, eta bestetan politikaria. “Orain une ezin hobea da zuen enpresak, lanpostuak eta inbertsioak Ameriketako Estatu Batuetara eramateko”, ziurtatu die Trumpek enpresaburuei.
Bere protekzionismoa eta isolazionismoa kritikatu izan duen publiko baten aurrean zegoenaren jakitun, mezu bikoitza igorri nahi izan du Trumpek Davosen: estatubatuarren interesak defendatu, baina “mundu hobeago bat sortzeko Ameriketako Estatu Batuen lankidetza eta adiskidetasuna berretsi”.
Horrela, AEBeko ekonomiaren egoera ona goraipatu du Trumpek: burtsen errekorrak eta langabezia-tasa “baxu eta historikoak”. Etxe Zurian urtebete darama agintariak, eta horien meritua berea dela aldarrikatu du. Bill Clintonek 2000. urtean Davosen hitz egin zuenetik, Trump hitzaldia bertan eman duen Estatu Batuetako lehen presidentea izan da.
“Ameriketako Estatu Batu indartsu eta aberats batzuen susperraldia”
“Mundua Ameriketako Estatu Batu indartsu eta aberats batzuen susperraldiaren lekuko izaten ari da, eta hemen nago mezu soil bat zabaltzeko: Estatu Batuetan kontratatzeko, eraikitzeko, inbertitzeko eta hazteko ez da sekula une hobeagorik izan”, adierazi du.
“Estatu Batuak lehendabizi” famatutik ez da desbideratu Trump, 15 minutuko hitzaldian: “Beti Estatu Batuak aurrena jarriko ditut”.
“Horrek ez du esan nahi Estatu Batuak bakarka”, zehaztu du animoak baretzeko.