Mundua -

VENEZUELA

Espainiako Gobernuak Venezuelako enbaxadorea pertsona 'no grata' izendatu du

Espainiak "errespetu, adiskidetasun eta lankidetza" harremanak nahi ditu Venezuelarekin, baina Nicolas Maduroren Gobernuak hartutako erabakiak "zail egiten dute" harreman horiek mantentzea.

Mario Isea Venezuelako enbaxadorea Espainian. Argazkia: EFE.
Mario Isea Venezuelako enbaxadorea Espainian.
Mario Isea Venezuelako enbaxadorea Espainian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Mario Isea Venezuelako enbaxadorea pertsona 'no grata' izendatu du, "elkarrekikotasun printzipio zorrotza erabilita" eta Nicolas Maduroren erregimenak Espainiako enbaxadorea Caracasen kaleratzeko erabakia hartu ostean.

"Espainiako enbaxadorea kaleratzeko Venezuelako Gobernuak hartutako erabakia deitoratu" du Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramileak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Ildo horretan, "tamaina handiko neurrien aurrean proportzionaltasunez erantzun behar" dela esan du.

Ministroaren hitzetan, Espainiak "errespetu, adiskidetasun eta lankidetza" harremanak nahi ditu Venezuelarekin, baina Nicolas Maduroren Gobernuak hartutako erabakiak "zail egiten dute" harreman horiek mantentzea.

"Venezuelako Gobernu Bolivartarrak Jesus Silva Fernandez Espainiako Erresumaren Enbaxadorea pertsona No Grata izendatzea erabaki du", Jorge Arreaza Atzerri ministroak agiri batean adierazi zuenez.

Venezuelako Gobernuak, alde batetik, Europar Batasunak Venezuelako zazpi goi-karguduni, Diosdado Cabello chavismoaren bigarrenari esaterako, aste honetan ezarritako zigorrak kritikatu ditu, eta bestetik, Madrilek AEBren "agindu lotsagarriak" betetzen dituela salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Nicolás Maduro gaur