Mundua -
Italia
Hiru pertsona hil eta 100 bat zauritu dira Milanen, tren bat bidetik irtenda
Azken balantzaren arabera, 110 dira zauritutakoak. Horietatik 10ek zauri oso larriak dituzte, 20k ez hain larriak, eta 80k, arinak.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez hiru pertsona hil eta 100 bat zauritu dira gaur Milanen (Italia iparraldea) izandako tren istripu batean. Zauritutakoen artean, 10 oso larri daude.
07:00etarako minutu batzuk falta zirenean, Cremona herritik abiatu den tren bat bidetik irten da Pioltello eta Segrate herrien artean, Milandik 12 bat kilometrora.
Azken balantzearen arabera, 110 dira zauritutakoak. Horietatik 10ek zauri oso larriak dituzte, 20k ez hain larriak, eta 80k arinak. Zauritutakoak inguruko erietxeetara eraman dituzte, batez ere San Raffaele ospitalera.
La Repubblica egunkariaren arabera, bide aldaketa batean irten da errailetatik. Lehen bi bagoiak beste bidera pasatu ahal izan dira, baina gainerakoek ez. Orduan atera da bidetik.
Erreskate taldeak, istripua izan den lekuan. Argazkia: EFE
Hainbat bidaiari tren barruan geratu dira harrapatuta, eta erreskate taldeek atera behar izan dituzte.
Trenord konpainiak jakinarazi duenez, "Milan eta Treviglio arteko tren zerbitzua bertan behera geratu da tren batek izandako eragozpen tekniko bat tarteko". Mezuak polemika sortu du sare sozialetan: