Mundua -
AEBn
Amazonek kutxazainik gabeko bere supermerkatua irekiko du astelehenean, Seattlen
Aurreikusita zuen 2017ko hasieran zabaltzea, baina urtebeteren buruan egingo du; izan ere, arazo teknikoak izan zituen duela hamabi hilabete.
Agentziak | Erredakzioa
Amazon merkataritza digitalaren erraldoiak astelehen honetan irekiko du "Amazon Go" izeneko supermerkatua, alegia, kutxazainik gabeko supermerkatua; berez, enpresak 2017ko hasieran zabaltzea zuen aurreikusita, baina atzeratu behar izan zuten irekiera, ustezko arazo teknikoak tarteko.
Amazonek Seattlen duen egoitzan izango da, kalearen parean, Washington Estatuan; langileek probatu izan dute 2016ko abendutik, hau da, enpresak zabaldu zuenean elikagai-sektorean ere sartu nahi zuela, eta denda-eredu berriak garatzen ari zela. "Amazon Go" supermerkatuak 170 metro koadro baino gutxiagoko azalera du, eta ondorengo produktuak izango ditu: gosarirako, bazkarirako edo afarirako prestaturiko janariak,; entsaladak, sandwichak eta freskagarriak; ardoak eta garagardoak; eta produktu fresko batzuk, haragia kasu.
Aplikazio bat, sartzeko
Irekiera-data zehazten duen bideoaren arabera, bezeroek mugikorrerako aplikazio bat erabili beharko dute sartzeko; irten bezain laster, aukera izango dute ikusteko egindako erosketaren faktura, kutxazainetara joan gabe.
Dendak erabiliko duen teknologia gidaririk gabeko autoek erabiltzen dutenaren antzekoa da; ordenagailu-ikusmena, sentsoreak eta “ikaste sakona” du ardatz.
Konpainiaren arabera, supermerkatu horretan erosteko bi hauek izan beharko dituzte bezeroek: Amazoneko kontu bat eta “Amazon Go” aplikazioa iPhone edo Android mugikorrean berriki instalatuta.