Mundua -
Dokumentu sekretuak
WikiLeaksek AEBen eta beste estatu batzuen dokumentuak zabalduko ditu
Jualian Assange GKEaren sortzaileak esan du herrialde askoren txostenak zabaltzen jarraituko dutela. Gainera, erakundearen kontrako mehatxuak eta erasoak salatu ditu.
Erredakzioa
Julian Assange WikiLeaksen sortzaileak iragarri du AEBei eta beste herrialde batzuei eragiten dieten dokumentu sekretuak argitaratuko dituztela gutxi barru, Irakeko gerrari buruzko 400.000 dokumentu sekretu zabaldu eta aste batzuetara.
"Apiriletik hona AEBekin lotutako dokumentuak bakarrik argitaratu ditugu (Irakeko eta Afganistango gerrei buruzkoak), garrantziaren arabera argitaratzen ditugulako", adierazi du Assangek Geneven emandako prentsaurreko batean.
"Baina urte amaiera bitartean ere herrialde askorekin, baita AEBekin, zerikusia duten milaka dokumentu zabaltzen jarraituko dugu", adierazi du WikiLeaksen sortzaileak azken hilabeteetan jaso dituzten mehatxu eta erasoak salatu aurretik.
Assange Suitzako hiriburuan dago AEBek Iraken egin dituzten gehiegikeriei buruz hitz egiteko, izan ere, Nazio Batuen Erakundeak bihar aztertuko du kasua giza eskubideen batzorde batean.