Mundua -
Venezuela
Oscar Perez pilotua hilda dagoela baieztatu du Venezuelako Gobernuak
Perezek helikoptero batekin eraso egin zien iaz hainbat eraikin ofiziali, eta abenduan kuartel militar bati ere egin zion eraso.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nestor Reverol Venezuelako Barne ministroak baieztatu du Oscar Perez pilotua hil egin zela atzo haren taldearen aurka egindako polizia operazioan. Pilotuak hainbat eraikini eraso zien iaz, helikoptero batekin.
Ministroaren esanetan, oposizioko buruek emandako informazioen eta pilotuak berak telebistan eskainitako elkarrizketa baten bidez jakin izan dute non zegoen; Caracaseko El Junquito auzoan, hain zuzen ere.
Perez klandestinitatean zegoen ekainetik, helikoptero batekin granadak jaurti zuenetik.
Abenduan, gainera, eraso egin zion kuartel militar bati, armak osteko.
"Modu baketsuan amore ematea negoziatu dugu, baina talde terroristak aurre egin zien Segurtasun Indarrei, eta, ondorioz, bi agente hil dira", azaldu du Reverolek.
Horren balantzearen arabera, beste zortzi polizia larri zaurituta daude, tiroketaren ondorioz.
Halaber, sei pertsona atxilotuta daude, kuartel militarraren aurkako erasoan parte hartzea egotzita.
Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen esanetan, Perezen taldea atentatu bat prestatzen ari zen, bonba auto batekin, eta horretarako finantziazioa Kolonbiatik jasotzen ari zen.
Bideoa: Oscar Perezek iaz helikoptero batekin egindako erasoa