Mundua -
Sexu erasoen salaketak
Bilesek ere salatu du AEBko gimnasia taldeko mediku ohiaren sexu erasoak jasan izana
Lau gimnastek salatu dute jada Larry Nassar. AEBko gimnasia taldeko mediku ohiari 60 urteko espetxe zigorra ezarri diote bere ordenagailuan haur pornografia izatea leporatuta.
agentziak | erredakzioa
Lau aldiz olinpiar txapelduna izandako Simon Biles gimnastak astelehen honetan jakinarazi duenez, Larry Nassar Ameriketako Estatu Batuetako gimnasia taldeko mediku ohiak sexu-erasoak egin zizkion. Nassarri 60 urteko kartzela zigorra ezarri diote haur pornografia aurkitu baitiote bere ordenagailuan.
"Ni ere Larry Nassarrek egindako sexu erasoen biktima ugarietako beste bat naiz", idatzi du Bilesek Twitterren.
Orain arte, AEBko hiru olinpiar gimnastek salatu dute Nassar sexu erasoengatik; horien artean, 2016an Rio de Janeiron Bilesekin batera taldekako urrezko golardoa irabazi zuen Gabby Douglasek. McKayla Maroney eta Aly Raisman ere daude salatzaileen artean; azken hori izan zen, hain zuzen, Nassar lehenengoz salatu zuena.
Janet T. Neff epaile federalak 60 urteko kartzela zigorra ezarri zion Larry Nassarri abenduaren 7an, ordenagailuan haur pornografia aurkitu baitzioten.
Epaile horren hitzetan, Nassar oso arriskutsua da, eta mehatxua da haurrentzat; ondorioz, ezarritako zigorra biziarteko kartzela zigorra bihurtu da 54 urteko medikuarentzat. Bestalde, Nassarrek beste hamar kargu onartu zituen.
Nassarrek haur pornografia lortzeko eta gordetzeko delitua onartu zuen, baita frogak suntsitzeko saiakera delitua ere.
Halaber, erabilitako tratamendu medikoa ez zela legezkoa onartu zuen Nassarrek epailearen aurrean.