Mundua -
Venezuela
Helikoptero batekin eraso egin zuen pilotuaren taldea desegin du Venezuelako Poliziak
Oscar Perez pilotuak helikoptero bat bahitu zuen iazko ekainean, eta eraso egin zien Gobernuaren hainbat eraikini.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Oscar Perez pilotuak zuzentzen zuen taldearen aurkako operazioa egin du gaur Venezuelako Poliziak. Talde horretako bost kide hil eta beste horrenbeste atxilotu dituztela jakinarazi du Venezuelako Barne Ministerioak.
2017ko ekainaren 27an, helikoptero bat eta armamentua lapurtu zituen Oscar Perezek, eta Gobernuaren zenbait eraikini eta Auzitegi Gorenaren egoitzari eraso egin zien ondoren. Terrorismo delitua egotzita, hura atxilotzeko agindua eman zuten orduan.
"Armak erabilita erresistentzia egin duten talde terroristako kideak hil egin ditugu eta beste bost kriminal atxilotuta daude", adierazi du Venezuelako Gobernuak VTV telebista-katean.
Operazioan bi polizia hil direla eta beste bost larri zaurituta daudela erantsi du Barne Ministerioak.
Oscar Perezen mezuak
"Venezuelak ez du nahi guk gure burua entregatzea. Hil egin nahi gaituzte, esan berri digute", esan du Perezek berak sare sozialetan publikatutako bideo batean, polizia-operazioa abian zela.
Iris Varela Espetxe ministroak baieztatu egin du operazioa abiatu dutela, eta "negarti" esan dio pilotuari.
"Non dago militarrei eraso egiteko eta funtzionarioak zauritzeko erakutsitako ausardia?", gaineratu du.
Perezek Poliziaren helikoptero bat bahitu zuen iazko ekainean, eta eraso egin zien Gobernuaren hainbat eraikini.
Abenduan berriz ere agertu zen pilotua, arma lapurreta batean, eta gaur arte ihesean egon da.