Mundua -
Indarkeria matxista
Polizia Steven Seagal ikertzen ari da, sexu-erasoa egotzita
1993an Seagalek bortxatu egin zuela salatu du aktore estatubatuarrarekin lan egin zuen emakume batek.
Agentziak | Erredakzioa
Polizia Steven Seagal aktorea ikertzen ari da, sexu-erasoa egotzita, The Hollywood Reporter egunkariak gaur jakinarazi duenez.
Poliziak baieztatu du Seagal ikertzen ari dela, baina ez du xehetasun gehiagorik eman.
Azken hileotan hainbat emakumek leporatu diote aktore estatubatuarrari sexu-gehiegikeriak egin edo jazarri izana.
Joan den ostegunean, The Wrap komunikabideak argitaratutako artikulu batean, Seagalek bortxatu egin zuela salatu zuen emakume batek.
Erasoa 1993an gertatu zen. Regina Simonsek 18 urte zituen orduan eta Seagalen film batean estra gisa parte hartu zuen. Seagalek Beverly Hillsen duen etxera gonbidatu zuen, jai bat antolatu zuela esanez.
Alabaina, hara iritsi zenean inor ez zegoela ohartu zen Simons. Seagalek bere logelara eraman zuela, musuak eman zizkiola eta ondoren bortxatu egin zuela salatu du artikulu horretan Simonsek.
Beste aktore batzuek ere adierazi dute publikoki Seagalen sexu-jazarpena pairatu dutela, hala nola, Portia de Rossik, Julianna Marguliesek, Jenny McCarthyk eta Katherine Heiglek.
Harvey Winstein produktorea hamarnaka sexu-erasotan nahasita zegoela jakin zenetik, gero eta emakume gehiago dira gehiegikeriak salatzera ausartu diren emakumeak. Ustezko erasotzaileak aktore ezagunak dira (Spacey, Dustin Hoffman, James Franco, Brett Ratner, John Lasseter, Louis C.K., Bryan Singer…) eta horrek hautsak harrotu ditu Hollywooden.
Joan den igandean, aktoreek sexu-erasoen kontrako protesten agertoki bilakatu zuten Urrezko Globoen gala: emakumezkoak beltzez jantzita joan ziren eta gizonezko askok 'Time’s up' (Denbora amaitu da) lelodun intsigniak eraman zituzten soinean.