Mundua -

Kolonbia

Santosek bertan behera utzi du ELNrekin hasitako bake-elkarrizketa

Askapen Nazionalerako Armadak oliobide baten kontrako erasoa egin du, aldebiko su-etena amaitu eta biharamunean.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea. Argazkia: EFE
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea. Argazkia: EFE
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak jakinarazi duenez, bertan behera utzi du Askapen Nazionalerako Armadarekin (ELN) abiarazi zuen bake-elkarrizketa, aldebiko su-etena amaitu eta biharamunean, gerrillak oliobide baten kontrako erasoa egin baitu.

2016an, Gobernuak eta FARCek bakea sinatu ostean, Santosek eta ELNk elkarrizketa prozesu bati heldu zioten eta aldebiko su-etena adostu zuten. 2017ko urriaren 1etik 2018ko urtarrilaren 9ra arte egon da indarrean.

Duela egun batzuk bi aldeek su-etena luzatzeko asmoa agertu zuten, eta bi aldeak berriro biltzekoak ziren asteazken honetan, Quiton. Su-etena automatikoki luzatuko zela espero zuen Gobernuak, baina ELNk bigarren su-etenaren baldintzak negoziatzea ezinbestekoa zela adierazi zion.

"Gobernua su-etena luzatzeko nahiz su-eten berria negoziatzeko prest egon da. Baina ELNk, modu ulertezinean, aukera horri uko egiteaz gain, ekintza terrorista egin du bart, negoziazioak hasi behar ziren egunean, hain zuzen ere", salatu du Santosek.

Askapen Nazionalerako Armadak, berriz, su-eten berri bat negoziatu nahi duela berretsi du, negoziazio mahaian ELN ordezkatzen duen Pablo Beltranek Blu irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez.

"Guretzat oso garrantzitsua da elkarrizketak aldebiko su-etena indarrean dela egitea", esan du, eta beste su-eten bat deitzeko aukera aztertzeko agindua eman duela erantsi du.

Bart izandako atentatuaz galdetuta, Beltranek esan du ELN "defentsa egoeran" dagoela, "Kolonbiako Gobernuak Armadaren kontrako erasoaldiak egingo dituela iragarri duelako, eta guk adierazpen horiei sinesgarritasuna ematen diegunez, gerrillari guztiak ohartarazi ditugu", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Eguneko albisteak Zer gertatu da Kolonbian?