Mundua -
Mehatxu terrorista, Atenasen
Lau bonba-pakete atzeman dituzte Grezian, bat Sarkozyri zuzendua
-Mexikoko enbaxadara zuzendutako pakete batek eztanda egin du; emakume bat arin zaurituta dago.
-Su Nukleoen Konspirazioa izeneko talde terroristako ustezko bi kide atxilotu dituzte.
Erredakzioa
Astelehen honetan Grezian atzeman dituzten lau bonba-paketeetako bat Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari zuzendua zegoen, eta beste hiruak Atenasen dauden Mexikoko, Belgikako eta Holandako enbaxadak zituzten helmuga, polizia-iturriek jakinarazi dutenez.
Mexikoko enbaxadara bidalitako bonba-paketeak mezularitza enpresako langile baten eskuetan egin du eztanda. Leherketaren ondorioz, emakumeak zauri arinak ditu.
Antena irrati-katearen arabera, "indar gutxiko" leherketa hori 12:40ean (10.40ean, Euskadin) izan da, Mexikoko enbaxadatik bi kilometrora.
Handik gutxira, bi bonba-pakete, bi errebolber eta balen aurkako txalekoak zeramatzaten bi gizon atxilotu ditu Poliziak; "Su Nukleoen Konspirazioa" izeneko talde terroristako ustezko kideak dira. 2007tik martxan dabil erakunde terrorista hori, Poliziak aditzera eman duenez.