Mundua -
Immigrazioa
AEBn bizitzeko baimena kenduko diete 263.000 salvadortarri
Trumpen Gobernuak 18 hilabeteko epea emango die AEBtik joan daitezen edo beren egoera erregularizatzeko alternatiba bat bila dezaten.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetan bizitzeko aldi baterako baimena kenduko die Donald Trumpen Gobernuak 250.000 salvadortar baino gehiagori. 2019ko irailera arteko epea izango dute AEBtik joateko edo beren egoera erregularizatzeko alternatibak bilatzeko.
2001ean El Salvador astindu zuen lurrikararen ondotik aitortu zieten bizileku-baimena. Alabaina, Segurtasun Nazionalerako Departamentuak dio laguntza hori emateko arrazoiak jada ez direla existitzen eta, ondorioz, baimena erretiratzea erabaki du. Kaltetuak 263.282 dira, orotara.
AEBko Gobernuak erantsi du 18 hilabeteko epea izango dutela "irteera prestatzeko" edo herrialde horretan "legalki" bizitzeko bidea bilatzeko.
El Salvadorreko Gobernua gogotik ahalegindu da azken hileotan laguntza hori kentzea ekiditeko edo, gutxienez, bizileku-baimena beste sei hilabetez luzatzea lortzeko, Honduraseko etorkinen kasuan egin duen moduan.
Hala ere, Trumpen Gobernuak bere migrazio politika zorrotza ezartzea erabaki du, El Salvadorreko migratzaileei laguntza ukatuta. Aurretik, Nikaraguako eta Haitiko etorkinei kendu zien AEBn bizitzeko baimena.