Mundua -
Erresuma Batua
Ipar Irlandarako ministro britainiarrak dimisioa eman du
James Bronkenshirek osasun arazoak dituela esan du kargua uzteko. Bestalde, Mayk Gobernuan aldaketak egin ditu, baina ministro garrantzitsuenak karguan mantendu ditu, besteak beste, David Davis.
Agentziak | Erredakzioa
James Bronkeshire Ipar Irlandarako ministro britainiarrak dimisioa eman du gaur Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak egin dituen gobernu aldaketei aurrea hartuta.
Theresa Villiersen ordez, 2016ko uztailean izendatu zuten Brokenshire ministro. Osasun arazoak dituela esan du kargua uzteko, hedabide britainiarren arabera.
Mayk Gobernuan eta Alderdi Kontserbadoreko egituretan aldaketak egin ditu gaur, baina ministro garrantzitsuenak karguan mantendu ditu, besteak beste, David Davis 'Brexit'a negoziatzeko arduraduna.
Eskandalua
Twitter sare sozialean Exekutiboko buruzagiak iragarri duenez, David Lidington, orain arte Justizia ministroa, Lancaster konderriko kantzilerra izango da, eta baita Kabineteko Bulegoaren Estatu idazkaria ere.
Lidingtonek Damian Green ordezkatuko du bigarren karguan. Mayren konfiantzazko gizonak iragan abenduan dimisioa eman zuen, Parlamentuko bere ordenagailuan, 2008an, pornografia aurkitu ondoren.
Erresuma Batuko komunikabideen arabera, lehen ministroak Green Estatu Idazkaritzan ordezkatzeko norbait izendatzea ez da espero. Mayk astearte honetan berregituraketarekin jarraituko du.
Espero zen bezala, 'tory'en buruzagiak Philip Hammond (Ekonomia ministroa), Amber Rudd (Barne ministroa) eta Boris Johnson (Atzerri ministroa) berretsi ditu.
Era berean, Sajid Savidek Komunitate eta Gobernu Lokalen Ministerioa zuzentzen jarraituko du, baina Etxebizitza erantsita. Bitartean, Brokenshirek dimisioa eman ondoren, Ipar Irlandarako arduradun berririk ez du oraindik iragarri Mayk.
Bestalde, David Gauke Lan eta Pentsioen Ministeriotik Justiziara pasa da; Greg Clarkek eta Gavin Williamsonek, ostera, Enpresa eta Defentsa ministroak izaten jarraituko dute, hurrenez hurren; eta Jeremy Huntek Osasun ministro izaten jarraituko du, hala ere, Gizarte Arreta zuzentzeko ardura ere izango du aurrerantzean.
'Tory'en emaitza txarrak
Brandon Lewis parlamentaria sailik gabeko ministroa eta Alderdi Kontserbadoreko presidente berria izango da, Patrick McLoughlin ordezkatuz. Ekainaren 8ko hauteskundeetan 'tory'ek izandako emaitza txarren arduraduna izatea egotzi zioten bigarrenari; izan ere, kontserbadoreek gehiengo absolutua galdu zuten.
2016ko uztailean boterera heldu zenetik Mayk egin duen berregituraketa esanguratsuena izan da gaurkoa, hala eta guztiz ere, ministro garrantzitsuenak karguan mantendu ditu.