Mundua -
Mehatxu terrorista
Pakete susmagarrien mehatxua 'sinesgarritzat' jo du Obamak
Erresuma Batuko aireportu batean hegazkin batek pakete susmagarri bat zeramala aurkitu ostean piztu da alerta. Mehatxua "sinesgarria" zela esan du Obamak.
Erredakzioa
Erresuma Batuko aireportu batean lurreratu den hegazkin batean aurkitutako pakete susmagarri batek terrorismoaren aurkako alerta guztiak piztu ditu, batez ere, AEBetan; izan ere, herri horretara zihoan hegazkina. Besteak beste, New Yorkeko, eta Filadelfiako aireportuetan miaketak egin dituzte.
AEBetara zihoazen bi hegazkinetan aurkitutako pakete susmagarriek lehergaiak zituzten, Barack Obama AEBetako presidentearen hitzetan.
AEBetara zihoazen hegazkinetan topatutako pakete susmagarriei buruz hitz egiteko agerraldia egin du Obamak. Pakete bat Erresuma Batuko aireportu batean topatu dute, eta bestea, Dubaiko Arabiar Emirerri Batuetan.
Pakete susmagarrien mehatxua "sinesgarritzat" jo du Obamak.
Pakete biak Yemenetik bidali zituzten eta Chicago zuten helmuga, AEBetako presidenteak azaldu duenez. John Brennan terrorismoaren kontrako idazkariak jakinarazi duenez, Ali Abdula Saleh Yemengo presidentearekin harremanetan daude.
Obamaren hitzetan, lehen zantzuen arabera, Al Kaida dago eraso terrorista horien atzetik.
Estatubatuarren segurtasuna "bermatzeko" aliatuekin lan egiten jarraituko dutela esan du Obamak.