Mundua -
Deialdia
Hauteskunde orokorrak egingo dituzte Italian, martxoaren 4an
Honenbestez, hauteskundeak atzeratzea nahi zutenei ez die jaramonik egin Sergio Mattarella Errepublikako presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Italiarrak hautestontzietara deitu dituzte martxoaren 4rako. Sergio Mattarella Errepublikako presidenteak Parlamentua desegin eta hauteskunde orokorrak deitu ditu.
Konstituzioak aurreikusitako pausoak jarraituz erabakia hartu dute arratsaldean: lehendabizi Mattarella presidenteak Paolo Gentiloni lehen ministroa hartu du Quirinal jauregian, eta ondoren Laura Boldrini Diputatuen Ganberako presidentea eta Pietro Grasso Senatuko presidentea.
Gero Gobernuak Ministroen Kontseilua egin du eta, besteak beste, hauteskundeak martxoaren 4rako deitzeko erabakia hartu du. Estatuburuak deialdi hori berretsi du.
Honenbestez, azken hatsean lege-proiektu bat onartzeko hauteskundeak atzeratzea eskatzen zutenei ez die jaramonik egin Mattarellak. Etorkinen seme-alaben herritartasuna baldintza zehatz batzuetan aitortzea zuen xede lege-proiektuak.
Parlamentua desegin baino ordu batzuk lehenago, Gentiloni lehen ministroak agerraldia egin du komunikabideen aurrean, gobernu progresistaren bosturteko “oparoaren” balantzea egiteko. Agintariaren hitzetan, II. Mundu Gerratik izan den “krisirik okerrenaren ostean” Italia “martxan jarri da”.
Gentilonik karguaren zina 2016ko abenduaren 12an egin zuen, Matteo Renzik dimisioa eman ondoren. Legealdia bukatu eta ondorio “larri” eta “suntsitzaileak” izango luketen etenik ez eragitea helburu izan zuen Gentilonik.
Hiru lehen ministroko legealdia
Bost urteko legealdian hiru lehen ministro pasa dira Chigi jauregitik, Gobernuaren egoitzatik.
Aurrenekoa Enrico Letta izan zen. Matteo Renzi alderdikideak ordezkatu zuen. Renzik duela urtebete dimisioa eman zuen, Konstituzioaren erreformaren erreferendumean porrot egin ondoren. Gentilonik hartu zuen haren lekua.