Mundua -
Peru
Fujimorik barkamena eskatu du eta Kuczynskik emandako indultua eskertu du
Peruko agintari ohiak ziurtatu duenez, indultuaren albisteak ezustean harrapatu zuen klinikako zainketa berezietako unitatean.
Agentziak | Erredakzioa
Bere Gobernuan zehar (1990-2000) herrikideen zati bati ?kale egiteagatik barkamena? eskatu du Alberto Fujimori Peruko agintari ohiak, eta Pedro Pablo Kuczynski Peruko presidenteak emandako indultu humanitarioa eskertu du.
Fujimorik Facebook sare sozialean ziurtatu duenez, indultu humanitarioaren albisteak ?ezustean? harrapatu zuen klinikako zainketa berezien unitatean. ?Zirrara handia sortu dit horrek, poza eta atsekabe handia aldi berean?, erantsi du.
Gobernari ohiak ?esker ona? agertu dio Kuczynskiri, emaniko ?pauso konplexuagatik?. Indultua onartuta, zigor eta ebazteke zituen auzi guztiak bertan behera utzi zituen Peruko presidenteak.
Protestak
Kuczynskik Fujimoriri indultua eman zion iragan igandean. Herrikideak ezustean harrapatu zituen erabakiak, baina manifestazio eta protestak izan dira ondorengo orduetan.
Kongresuak kargugabetzea saihestu eta hiru egun geroago sinatu zuen indultua presidenteak. Odebrecht Brasilgo eraikitzailearekin zituen loturengatik Kuczynski kargugabetzea proposatu zuten parlamentariek, baina hamar fujimoristen abstentzioari esker ekimenak ez zuen aurrera egin. Aitari indultua ematea eskatu zion Kenji Fujimori Albertoren semeak Kuczynskiri gutxi lehenago.
Fujimori gizateriaren aurkako krimenengatik zigortu zuten, baina Kuczynskik ?hanka-sartzeak? izan zirela esan zuen astelehenean. ?Erabakia baliteke nire bizitzako zailena izatea?, gaineratu zuen.
Bide bakarra
Indultua Fujimorik espetxetik ateratzeko zuen bide bakarra zen; izan ere, gizateriaren aurkako delituekin, bere agintaldian egindako sarraski eta bahiketengatik, ezin zioten zigorra inola ere murriztu.
Presidente ohiari 25 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2009an, Barrios Altosen (1991) eta La Cantutan (1992) 25 pertsona hiltzeko agindua emateagatik, eta 1992an kazetari bat eta enpresaburu bat bahitzeagatik. Sarraskia Colina talde militarrak egin zuen.