Mundua -
IPAR KOREA
Ipar Koreari buruzko nazioarteko goi-bilera iragarri dute urtarrilerako Vancouverren
Koreako XX. mendeko gerran parte hartu zuten herrialdeetako Atzerri ministroek eta Hego Koreak, Japoniak, Indiak edota Suediak, besteak beste, parte hartuko dute Vancouverko goi-bileran.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ipar Koreari buruzko nazioarteko goi-bilera iragarri dute urtarrilaren 16rako Vancouverren (Kanada) Kanadak eta Ameriketako Estatu Batuek (AEB).
Chrystia Freeland eta Rex Tillerson Kanadako eta AEBko Atzerri ministroek, hurrenez hurren, eman dituzte xehetasunak Ottawa hiriburuan egindako agerraldian.
Tillersonek azaldu duenez, AEBk Ipar Korearen kontrako presio kanpaina bultzatzeko formulak bilatzen jarraitzen du, mezu bateratu bat bidaltzeko eta nazio nuklear gisa ez dela onartua izango esateko.
AEBko Estatu idazkariak goi-bileran parte hartuko duten herrialdeak aipatu ditu: Koreako XX. mendeko gerran parte hartu zuten herrialdeak, Hego Korea, Japonia, India eta Suedia.
"Vancouverko Taldea" deiturikoak "egungo presio kanpainaren eraginkortasuna nola hobetu" eta balizko negoziazioetarako nola prestatu aztertuko du. "Presio kanpainaren helburua negoziazio prozesu bat abiatzea da. Hala ere, ezingo dugu negoziatu Ipar Korea hitz egiteko prest dagoen arte. Hitz egiteko prest daudela esan arte, zain gaude", gaineratu du Tillersonek.