Mundua -
Bost pertsona zaurituta daude
Marokoko Poliziak 14 urteko mutil saharar bat hil du tiroz Aaiunen
Sahararren bizi-baldintzen aurka protesta egiteko urriaren 12an sortutako kanpamenduan jazo da tiroketa.
Erredakzioa
Hamalau urteko mutil bat hil egin da eta beste bost pertsona zauritu dira Aaiuneko (Mendebaldeko Sahara) protesta kanpamenduan Marokoko Poliziak tirokatuta, kanpamenduko iturriek jakinarazi dutenez.
Antza denez, biktimak bi autotan zihoazen poliziak tiroka hasi direnean. Oraingoz ez dago informazio gehiago, Antonio Velazquez ekintzaile mexikarrak azaldu duenez. Hildakoaren senide baten bitartez lortu du informazioa.
Marokoko Barne Ministerioak ziurtatu du ibilgailuetako batetik tiro bat bota zutela eta, beraz, agenteek erantzun egin zutela.
Sahararren beste iturri batzuek, baina, beste bertsio bat dute: Umea zihoan autoa ez zen gelditu Segurtasun Indarren kontrol batean, eta poliziek tiro egin zuten, metrailetekin.
Kanpamendua urriaren 9an sortu zuten, Aaiunetik 12 kilometro ekialdera, sahararren bizi-baldintza gordinen aurka protesta egiteko eta autodeterminazioa eskatzeko. Harrezkero, 15.000 pertsonak egin dute bat protestarekin.
Hasieran, sahararrek Aaiunera mugatu zituzten protestak, baina ondoren beste hainbat herritara zabaldu zituzten, hala nola Dajlara, Esmarara eta Bojadorrera, baina agintariek indarrez hartu dituzte mendean.