Mundua -
Irakeko gerra
WikiLeaksek argitara ateratako abusuak ikertzeko eskatu die NBEk AEBei
Amnistia Internacional eta britainiar abokatu talde batek, halaber, agintari estatubatuarrek Irakeko atxiloketa zentroetako torturen berri zuten argitzea eskatu dute.
Erredakzioa
WikiLeaks webguneak filtratutako agirien harian, AEBetako agintariek Irakeko segurtasun indarrek atxilotuak torturatzen zituzten berri zuten ikertzea eskatu diote Nazio Batuen Erakundeak Barack Obama AEBeko presidenteari.
"Torturen salaketa sinesgarriak baldin badaude, ikertu behar dira, eta horiek sinesgarritasun handikoak dira. Horrenbestez, auzitegien eta kalte-ordainen txanda da orain", adierazi du NBEko bozeramaile batek.
Amnistia Internacional Giza Eskubideen aldeko GKEk WikiLeaksen salaketarekin bat egin du. "Agiri horiek agerian utzi dute agintari estatubatuarrek urteetako abusu horien jakitun omen zirela, eta dena den, atxilotzen zituzten irakiarrak bertako segurtasun indarren esku utzi zituzten", esan dute.
Abokatu britainiarren talde batek, halaber, WikiLeaks webguneak zabaldutako agiriak oinarri hartuta, Irakeko okupazion hildako zibilen gaineko ikerketa publikoa bultzatuko dute Erresuma Batuan.