Mundua -
Torturak eta erailketak
WikiLeaks-ek 100.000 irakiar baino gehiago hil dituztela jakinarazi du
WikiLeaks atariak zabaldutako 400.000 dokumentuek hori jasotzen dute eta munduko egunkariak informazioa argitaratzen hasi dira. 70.000 inguru zibilak ziren.
Erredakzioa
AEBek Irak 2003an inbaditu zutenetik 100.000 lagun baino gehiago hil direla azaltzen dute WikiLeaks atariak filtratutako Pentagonoko dokumentuek. Hildako horietatik 70.000 bat zibilak izan ziren.
WikiLeaks atariak zabaldutako 400.000 dokumentuek hori jasotzen dute eta munduko egunkariak informazioa argitaratzen hasi dira. Erakunde polemikoak Afganistani buruzko AEBetako Armadaren 92.000 txosten sekretu argitaratu zituen uztailean.
Al Yazira
Ordu batzuk lehenago WikiLeaks webguneak Irakeko gerrari buruz filtratu behar zituen dokumentuetako zenbait datu jakitera eman ditu Al Yazira telebistak. Irakeko gerran biktima zibil gehiago eta AEBek torturak ezkutatu zituztela azaltzen dute datuek.
WikiLeaks atariak datu gehiago argitaratu behar zituen larunbat honetan, baina Al Yazirak aurrea hartu dio webguneari, eta "hildako zibilen kopurua ofizialki zabaldu zena baino askoz handiagoa" dela jakitera eman du telebista kateak.
Qatarko telebistaren esanetan, 2003ko martxoan hasitako gerran "zibilen aurkako tortura, irain eta hilketa kasu ugari" izan zirela azaltzen dute dokumentuek.
Era berean, "Blackwater segurtasun enpresaren biktima zibilen kasu gehiago" biltzen dituzte agiriek.
Gainera, AEBetako Armadak "Irakeko espetxeetan tortura kasuak ezkutatu" zituela agerian uzten dute dokumentuek. Gainera, Nuri al Maliki Irakeko jarduneko lehen ministroa torturetan inplikatzen duten ustezko txosten estatubatuarrak daude, "torturak eta hilketak egiteko talde bereziak" osatzea agindu zuelako.
Pentagonoa
Bestalde, WikiLeaks argitaratu beharreko dokumentuetan "sorpresa handirik" espero ez zuela adierazi du gaur Pentagonoak, baina Iraken AEBetako tropak arriskuan jar ditzaketela ohartarazi du.
Twitterren bidez, WikiLeaks webguneak prentsaurrekoa deitu zuen larunbat honetarako Europan; baliteke Londresen izatea. Agiriak argitaratu behar ditu webguneak, AEBen historian filtrazioarik handiena da.