Mundua -
Ekialde Hurbila
Enbaxadak Jerusalemera eramateko eskatu die Netanyahuk EBko herriei
28ek eta Israelgo lehen ministroak bilera egin dute astelehen honetan israeldarren eta palestinarren arteko bake prozesua berrabiatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Enbaxadak Tel Avivetik Jerusalemera eramateko eskatu die astelehen honetan Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Europar Batasuneko herrialdeei, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak egingo duen moduan, Jerusalem Israelgo hiriburu gisa aintzatetsi ostean.
"Europako herri guztiek edo gehienek enbaxadak Jerusalemera aldatuko dituztela uste dut, Israelgo hiriburua dela onartuko baitute eta segurtasun, zorion eta bake prozesuan gogoz lagunduko gaituzte", esan du Netanyahuk Federica Mogherini EBko diplomaziaren buruarekin batera egindako prentsaurrekoan.
Mogherinik ez du modu esplizituan Jerusalem hiriburu gisa izateko erabakia gaitzetsi, baina “Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren irtenbide bakarra bi estatu eratzea eta Jerusalem bien hiriburu izatea da", esan du.
Bestalde, Frantziak eta Erresuma Batuak baztertu egin dute Jerusalem Israelgo hiriburu gisa aitortzea.
Europar Batasuneko ministroek eta Benjamin Netanyahuk bilera egin dute astelehen honetan, Bruselan, israeldarren eta palestinarren arteko bake prozesua berrabiatzeko aukeren nondik norakoak aztertzeko. Izan ere, ika-mika piztu du EBko herrialdeen artean, Donald Trumpen Gobernuak Jerusalem Israelgo hiriburu gisa onartu izanak eta bere enbaxada hara eramango duela jakinarazi izanak.
28ek antzeko bilera egingo dute urtarrilean Mahmud Abas Palestinako presidentearekin.