Mundua -
LGTBIQ kolektiboa
Australiak homosexualen arteko ezkontzak legeztatu ditu
Babes zabala lortu du lege-proposamenak Parlamentuan (kontrako lau boto baino ez dira egon). Larunbatean sartuko da indarrean.
Agentziak | Erredakzioa
Homosexualen arteko ezkontzak legezkoak izango dira Australian abenduaren 9tik aurrera. Parlamentuak gaur onartu du hori ahalbideratzen duen lege proiektua. Horrenbestez, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legeztatzen dituen 25. nazioa izango da Australia.
Dean Smith senatari liberalak prestatutako proiektua da ganberak onartutakoa. Joan den astean Senatuan eztabaidatu eta onartu zuten. Aurrez, loteslea ez zen posta bidezko inkesta egin zuten herritarren artean, eta orduan ere gehiengo baten oniritzia jaso zuen proiektuak. Izapide parlamentarioak bukatuta, Australiako gobernadorearen sinadura baino ez da falta indarrean sartzeko.
"Hau da hau eguna! Egun bikaina maitasunarentzat, berdintasunarentzat eta errespetuarentzat! Australiak lortu egin du", egin du oihu Malcolm Turnbull Austrialiako lehen ministroak bozketa baino lehen. Antzeko aldarria bota du Bill Shorten oposizioburuak ere: "Etorkizuneko Australia gaurko erabakiarekin hasi gara eraikitzen".
Babes zabala lortu du lege-proposamenak (kontrako lau boto baino ez dira egon). Bozketa amaituta, txaloak eta besarkadak izan dira nagusi Parlamentuan.
Bi diputatu, pozaren pozez, bozketa eta gero. Argazkia: EFE
Larunbatean sartuko da indarrean
Diputatu ugarik ortzadarraren (LGTBIQ mugimenduaren sinboloa) banderak eta lepokoak eraman dituzte. Parlamentu kanpoaldean ere, nonahi ikus zitezkeen koloreok.
George Brandis Australiako fiskal nagusiak bozketaren ondoren hedabideei helarazitako ohar baten arabera, "erreforma historiko hau 2017ko abenduaren 9an sartuko da indarrean".
Erreformak 1961eko Ezkontzen Legea moldatuko du. 2004an aldatu zuten legea azkenekoz, ezkontzak gizonen eta emakumeen artekoak bakarrik zirela zehazteko. Horren ondotik, Auzitegi Gorenak homosexualen arteko ezkontzen aldeko hainbat ekimen baliogabetu ditu, moldaketa hori aintzat hartuta.