Mundua -
Erresuma Batua
Europari diru gehiago ez ematea eskatu dio Mayri 'Brexit'aren aldeko kanpainak
Hainbat ministro ohik, diputatuk eta enpresari kontserbadorek gutun batean babestu dutenez, Bruselarekin negoziazioak etetea eskatu diote Gobernu britainiarreko lehen ministroari.
Agentziak | Erredakzioa
"Brexit"aren aldeko kanpainako hainbat ordezkarik Europar Batasunari (EB) diru gehiago ordaintzeko konpromisorik ez hartzeko eskatu diote Theresa Mayri, hainbat baldintza betetzen ez badira.
Hainbat ministro ohik, diputatuk eta enpresari kontserbadorek gutun batean babestu dutenez, ez badituzte ezarritako baldintzak betetzen, Bruselarekin negoziazioak etetea eskatu diote Gobernu britainiarreko lehen ministroari, "Leave means leave" kanpainaren baitan. Baldintzak onartuz gero, abenduaren 14an eta 15ean Europako Kontseiluan etorkizuneko merkataritza akordioaz "benetan hitz egingo dute", esan dute.
Gutuna sinatu dutenen esanetan, Europako Batzordea "desegoki" aritu da "Brexit"aren inguruko elkarrizketetan, eta, aitzitik, Gobernu britainiarraren jarrera defendatu dute, "pazientzia ikaragarria eta borondate ona" erakutsi duelako.
Baldintzei dagokienez, 2018ko martxoaren 30a baino lehen Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren artean muga-zergarik gabeko merkataritza libreko akordioa lortzea aurreikusi dute "Brexit"aren aldeko kanpainaren ordezkariek. Gainera, 2019ko martxoaren 30ean Europar Batasuna utzi ostean Erresuma Batuak beste herrialdeekin akordio berriak sinatzeko eskubidea izatea aldarrikatu dute.