Mundua -
Tentsioa nazioartean
Ipar Korearekin harremanak etetea eskatu die AEBk gainerako herrialdeei
Gainera, gerra egotekotan, "erregimen ipar-korearrak erabat suntsituta" bukatuko duela esan du. Hawaiin, eraso nuklearraz ohartarazten zuten sirena hotsak entzungo dira berriz datorren ostiralean.
agentziak
Ipar Korearekin era guztietako harremanak etetea eskatu diete Estatu Batuek gainerako herrialdeei, Piongiangek egindako armen entseguen ondorioz eta, ohartarazi duenez, gerra hastekotan, "erregimen ipar-korearrak erabat suntsituta" bukatuko du.
"Gaur, Ipar Korearekin loturak hausteko deia egiten diegu herrialde guztiei", esan du Nikki Haley AEBko ordezkariak NBEren Segurtasun Batzordearen bileran.
Ordezkariak Piongiangekin diplomazia-harremanak haustea eskatu dio nazioarteari, inportazioak zein esportazioak geldiaraztea eta haien herrialdean lanean dauden behargin ipar-korearrak kanporatzea.
Haleyk azpimarratu du Txinak gehiago egin behar duela eta, zehatz-mehatz, petroliorik ez saltzea eskatu dio.
Segurtasun Batzordea, atzo, New Yorken. Argazkia: EFE
Diplomatikoaren esanetan, hori da, hain zuzen, Donald Trump presidente estatubatuarrak Xi Jinping Txinako presidenteari eskatu diona, telefonoz izan duten elkarrizketan.
Era beran, Haleyk berretsi du mundu osoak "bihurtu den paria gisa" zuzendu behar zaiola Ipar Koreari eta, besteak beste, NBEren duen bozkatzeko eskubidea kendu.
Halere, nabarmendu du AEBk ez duela gatazkarik hasi nahi eta erantsi du hasten bada Ipar Korearen "eraso ekintzengatik" izango dela.
Kim Jong-un, atzoko entseguan. Argazkia: EFE
Sirena-hotsak berriz entzungai Hawaiin
Gerra Hotza bukatu eta ia 30 urtera, aireko erasoez ohartarazten zuten sirena-hotsak entzungo dira berriz Hawaiin, agintariek simulakroa egitea erabaki eta gero, Ipar Korearen azken entsegua dela eta, iturri ofizialen arabera,.
"Ipar Koreak misil nuklearra jaurti eta uhartera heltzeko aukera egon daitekeela ebatzi da, aukera gutxi dago, baina gerta liteke", esan dio Eferi Richard Rapoza Larrialdiak Kudeatzeko Agentziaren bozeramaileak.
Hori dela eta, hurrengo ostiralean, sirena horien soinu ezaguna, beste garai batean hiritarrak izutu eta alerta ematen zuena, munduko bazter horretan entzungai izango da berriz, '90ko hamarkadatik isilean egon ostean.
Argazkia: EFE