Mundua -
Ipar Korea
Ipar Koreak AEBko edozein puntu jo dezakeen misil berri bat jaurti du
Misilak 950 km egin ditu, eta orbitaren punturik urrunean 4.475 km-ko altueran izan da. Ipar Koreako misil batek inoiz lortutako altuera handiena da.
Agentziak
Ipar Koreak Hwasong-15 deitutako kontinente arteko misil balistiko berri bat jaurti du. Misilak bonba nuklear bat eraman eta "Estatu Batuetako lurralde osora hel" liteke.
Azken bi hilabete t'erdian egindako lehen jaurtiketa izan da. Oraingo honetan, baina, aurreko marka guztiak gainditu dituzte.
Telebista publikoan ohiko programazioa hasteko hiru ordu falta zirenean saio berezi bat emititu dute Ipar Korean. Horretan, Ri Chung-hee aurkezleak zehaztu du misilak 950 km-ko distantzia bete duela, 4.475 km-ko apogeoarekin. Datu horiek bat datoz Seul, Washington eta Tokioko gobernuek darabilten datuekin.
Horren arabera, hortaz, Ipar Koreako misil batek inoiz lortutako altuerarik handiena litzateke eta aurrerapauso garrantzitsua da Piongiangen armen industrian.
Jaurtiketaren angelua oso zabala izan denez, adituek uste dute 13.000 km egin litzakeela ohiko jaurtiketa batean, hau da, Washington edo AEBko edozein leku jotzeko moduan egongo litzateke.
Azkeneko misila irailaren 15ean jaurti zuen Ipar Koreak. Japoniako iparraldea zeharkatu zuen, itsasora erori aurretik.
Azken hilabeteetan gero eta handiagoa izan da Ipar Korearen eta AEBren arteko tentsioa, eta Kim Jong Unek ateak ireki zituen Guam uharte estatubatuarrari eraso egiteko. Donald Trumpek “sua eta haserrea” oinarri hartuta erantzungo lukeela ohartarazi zion.
Misilak jaurti ez ezik, Piongiangek entsegu nuklearra ere egin zuen irailean, orain arte egindako handiena. Hidrogeno bonba bat arrakastaz probatu zuela esan zuten orduan Ipar Koreatik.
Testuinguru honetan, nazioarteak zorroztu egin ditu Ipar Korearen aurkako zigorrak, baina Kim Jong Unen Gobernuak errefusatu egin du armagintza programa bertan behera uztea.