Mundua -
Europar Batasuna
Glifosatoa erabiltzeko baimena 2022ra arte luzatu du EBk
Macronek iragarri du Frantzian glifosatoa erabiltzea debekatu egingo duela. Glifosatoa herbizida bat da eta osasunerako kaltegarria dela ohartarazi dute hainbat erakundek.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasunak glifosatoa herbizidaren lizentzia 2022. urtera arte luzatzea onartu du, 18 herrialderen babesarekin. Egungo baimena abenduaren 15ean amaitzen zen.
Aurretik hainbat saio egin zituzten, baina ez ziren akordio batera heltzeko gai izan. Hori dela eta, gaur Europako Batzordea bildu da gai polemikoa aztertzeko.
Hasiera batean, baimena hamar urtez luzatzea nahi zuten glifosatoaren aldekoek, baina azkenean, 2022ra arteko lizentzia ematea erabaki dute.
Orain arteko bozketetan ez bezala, Alemaniak, Poloniak, Bulgariak eta Errumaniak ekimenaren aldeko botoa eman dute gaurkoan eta horrek ahalbidetu du Europako Batzordearen proposamenak aurrera egitea.
Alde bozkatu duten gainerako herrialdeak hauek izan dira: Espainia, Danimarka, Txekiar Errepublika, Estonia, Irlanda, Letonia, Lituania, Hungaria, Holanda, Eslovakia, Eslovenia, Finlandia, Suedia eta Erresuma Batua.
Kontra bozkatu dutenak: Belgika, Grezia, Frantzia, Kroazia, Italia, Txipre, Luxenburgo, Malta eta Austria. Portugal, berriz, abstenitu egin da.
Bestalde, Enmanuel Macronek iragarri du beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela glifosatoaren erabilera Frantzian debekatzeko. Alternatiba eraginkor bat agertzean edo gehienez hiru urte barru, glifosatoa galarazita izango dela agindu du.
Zer da glifosatoa?
Munduan gehien erabiltzen den herbizida da glifosatoa. Multinazionalek erabiltzen dute eta pestizida horren erabilera zalantzan jarri dute hainbat erakundek, osasunerako kaltegarria delako.
Europan nahiz Ameriketako Estatu Batuetan produktu horren erabilera auzitegira eraman dute.