Mundua -
Webgunean
WikiLeaksek Irakeko gerrari buruzko milaka datu sekretu zabalduko ditu
AEBetako Armadak 120 kide baino gehiago jarri ditu lanean artxiboak berrikusteko eta "kaltegarria" izan daitekeen informazioaren zabalkundea galarazteko.
Erredakzioa
WikiLeaks Gobernuz Kanpoko Erakundeak Irakeko gerrari buruzko 400.000 dokumentu sekretu zabalduko ditu datozen orduetan, uztailean Afganistango gatazkari buruz egin zuen filtrazioan bezalaxe
Uztailean, erakundearen webgunean AEBetako Armadaren 90.000 dokumentu zabaldu zituen, denak Afganistango gerrarekin lotuak. Bertan, Pakistango zerbitzu sekretuek talibanei ustez ematen zieten laguntza eta inoiz argitaratu ez diren zibilen heriotzak agertzen ziren.
Orain, iturri anonimoak aipatzen dituzten hedabide batzuek diote WikiLeaksek taktika eta estrategia militar polemikoei buruzko informazioa zabalduko duela.
WikiLeaksen webgunean sartzea ezinezkoa da azken egunotan eta irailaren 29tik "mantenu" lanak egiten ari direla jartzen du.
Armada, prest
AEBetako Armadak 120 kide baino gehiago ditu prest argitalpenari begira.
Pentagonoak dio “kaltegarria” izan daitekeen informazioaren zabalkundea galaraztea dela bere asmoa, izan ere, dokumentuetan segurtasun indarrei buruzko informazioa agertzen da.
Dave Lapan koronelak adierazi duenez, artxiboak berrikusteko eta “kaltegarria” izan daitekeen informazioaren zabalkundea galarazteko lanean dihardute.