Mundua -
Erresuma Batua
Tiroketa alarma faltsu batek izua sortu du Londresko erdigunean
Bi metro geltoki itxi egin behar izan dituzte, baina ondoren berriro ireki dituzte, tiroketa zantzurik topatu ez dutelako.
Agentziak | Erredakzioa
Londresko Poliziak hiriko erdiguneko bi metro-geltoki hustu ditu tiroketa-alerta batengatik, herritarren artean izua eraginda, baina handik gutxira ireki dituzte berriz, ez dutelako topatu susmagarririk ezta tiro zantzurik ere.
Hain zuzen ere, Oxford Circus geltokian eman dute tiroketa-alertaren berri, eta horixe da itxi dutenetako bat; bestea Bond Streeteko geltokia da, eta jendea ez pilatzeko hustu dute. Biak daude Londresko merkataritza-gunerik handienetako batean; dendak jendez gainezka zeuden, gainera, Black Friday ekimena egiten ari dira eta.
BBC kate publikoko kazetari batek adierazi du ikusi duela Oxford Circus geltokitik jendea "arrapaladan" irteten: "Hainbat lagunek esan didate jaurtiketak zeudela, edo sute bat” barnean", azaldu du.
Poliziak azaldu duenez, Londresko 16:38an (17:38an, Euskadin), tiroketa batek sortutako alerta jaso dute, eta gertakariari terrorismoarekin lotura izango balu bezala egin diote aurre.
Segurtasun Indarrek eskatu diote gunean dagoen jendeari eraikinen batean bilatzeko babesa.
Azkenean, baina, ez dute susmagarririk topatu, ezta zauriturik eta tiro zantzurik ere, eta berriro ireki dituzte geltokiak.