Mundua -

ATENTATUA EGIPTON

235 hildako eta 130 zauritu Egipton, azken urteetako erasorik odoltsuenean

Erasotzaileek bonbak eta suzko armak erabili dituzte ostiraleko errezorako bildu diren fededunen aurka egiteko. Atentatua Sinai penintsulan gertatu da, Gazako mugatik gertu.

Meskita baten kontrako atentatua Egipton. Argazkia: EFE
Meskita baten kontrako atentatua Egipton.
235 pertsona hil dituzte Egipton, meskita baten kontrako atentatuan

1:12

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 235 pertsona hil eta beste 130 zauritu dira Egipton, meskita sufi baten kontrako atentatuan. Erasoa Sinai penintsulan gertatu da, Gazako mugatik gertu, eta erasotzaileek bonbak eta suzko armak erabili dituzte ostiraleko errezorako bildu diren fededunek aurka. Azken urteotan Egipton izandako atentaturik odoltsuena da.

Al Rawdah meskita Bir al Abd udalerrian dago, probintziako El Arish hiriburutik 40 kilometrora. Lekukoek emandako testigantzaren arabera, orotariko lau ibilgailutatik hainbat gizon armatu jaitsi dira, eta, indar handiko bonba bat leherrarazi ondoren, tiroka hasi dira.

Bertako hedabideek zabaldutako informazioaren arabera, eskualdeko milizien eta talde armatuen arteko erasoen ohiko gune bilakatu da.

Egiptoko Osasun Ministerioko iturriek Asharq Al Awsat egunkariari baieztatu diotenez, zaurituak ospitalera eramateko bertaratutako anbulantzien kontra ere egin dute erasotzaileek. Horren ondorioz, herritarrek beren ibilgailuetan eraman behar izan dituzte zaurituak ospitaleetara.

25 ume eta familia bereko sei kide

Kaputxadun 15 gizon sartu dira meskitan. Sinaiko Tribuen Batasuneko Facebook orriaren arabera, hildakoen artean gutxienez 25 haur daude, eta baita familia bereko sei kide eta hiru anai-arreba ere.

Elkarte horrek azaldu duenez, terroristek “une hauxe aukeratu dute Mahoma profetaren urtebetetzea prestatzen ari direlako, azaroaren 30ean izango baita, eta tokia ideologia estremistaren aurkako heziketa zentroa delako hautatu dute”.

Agiri batean salatu duenez, terroristek “meskitaren ateak itxi dituzte eta otoitz egiten ari ziren guztiak hil dituzte”. Gainera, anbulantziak heldu direnean, “terrorista talde batek tiro egin du eta ihes egin dute”.

EGIPTO ERASOA SINAI EFE

EGIPTO ERASOA SINAI EFE

Anbulantziak meskitara heltzen. Argazkia: EFE

Hiru dolu-egun

Egiptoko agintariek hiru dolu-egun ezarri dituzte meskitako biktimengatik. Munduko dozenaka buruzagik erasoa gaitzetsi dute, besteak beste, Donald Trump AEBko presidenteak “koldartzat” jo du.

Erasoa gertatu eta ordu batzuk geroago, Armadak eta Poliziak “gure seme-alabengatik mendekua hartuko dute egonkortasuna berreskuratzeko, eta ekintza honi indar basatiarekin erantzungo diogu”, adierazi du Abdelfatah Al Sisi Egiptoko presidenteak Estatuko telebistan.

Egiptoko telebista ofizialak jakitera eman duenez, hildakoen senitartekoei 11.300 bat dolar eta zaurituen familiei 2.826 bat dolar ordaintzeko agindua eman du Al Sisik.

Larrialdi-egoera

Sinai Iparraldeko probintzian 2014tik larrialdi-egoera indarrean dago. Wilayat Sina Estatu Islamikoaren Egiptoko adarrak bertan presentzia du eta azken urteetako atentatu gehienak aldarrikatu ditu.

Sinaiko eskualde horretan etxeratzeko agindua eta blokeo informatiboa inposatu zituzten agintariek. Horrela, bertako eta nazioarteko komunikabideak ezin dira sartu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Atentatuak Gaurko azken orduko albistea Egipto gaur Ekialde Hurbila