Mundua -
Alemania
Merkelek nahiago du hauteskundeak errepikatu gutxiengoan agindu baino
Liberalekin eta berdeekin negoziazioak porrot egin ostean, Alemaniako kantzilerrak esan du nahiago duela CDUren buru izaten jarraitu eta hauteskundeak errepikatu.
agentziak | erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak esan du "hobe" dela hauteskundeak errepikatzea gutxiengoan agintzea baino, eta azpimarratu du hauteskundeak errepikatuz gero alderdiaren hautagai izateko prest dagoela.
Liberalekin eta berdeekin Gobernua osatzeko negoziazioak porrot egin eta Alderdi Sozialdemokratak koalizio handia egiteari uko egin ostean, Merkelek horixe adierazi du ARD eta ZDF telebista kate publiko nazionaletan.
"Hauteskundeak errepikatzea hobea litzateke gutxiengoan agintzea baino", adierazi du buruzagi kristaudemokratak.
Hala eta guztiz ere, ez du guztiz baztertu aukera hori: "Ez nuke 'inoz ez' esango". Baina "oso eszeptiko" begiratzen diot horri, Alemaniak "gobernu egonkorra" behar duelako erronkei aurre egiteko.
"Gogoeta handia" egin beharko nuke Bundestagen gehiengoa izan gabe agintzen saiatzeko, berretsi du Errepublika Federalean sekula izan ez den formula horren inguruan galdetuta.
Gainera, azpimarratu du Batasun Kristaudemokrataren (CDU) buru izaten jarraitu nahiko lukeela hauteskundeak errepikatuz gero.
"Alemaniako presidentearena da orain azken erabakia. Hauteskundeak errepikatuz gero, ez diet beldurrik inola ere. Hauteskunde kanpainan lau urterako konpromisoa hartu nuen", gaineratu du.