Mundua -

Irailaren 24ko bozen ostean

Ziurgabetasuna Alemanian: Merkelek ezin izan du gobernua osatu

CDUko buruzagia Alemaniako presidentearekin bilduko da gaur dauden aukerak aztertzeko.

Angela Merkel, atzo emandako prentsaurrekoan. EFE
Angela Merkel. EFER
Liberalek elkarrizketak eten dituzte berdeekin eta Angela Merkelekin

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost asteko negoziazioek porrot egin dute. Angela Merkelek ez du gobernua osatzeko akordiorik lortu liberalekin eta berdeekin, eta hala, ziurgabetasun politikoa nagusitu da Alemanian.

Negoziazioak ez aurrera ez atzera zeuden une batean, ezustean, iragarri du Christian Lindner FDPko presidenteak liberalek negozioak utzi dituztela. "Hobe da ez gobernatzea txarto gobernatzea baino"  esan du bart Lindnerrek telebista kameren aurrean. Errefuxiatuen auzia, klimaren inguruko politikak eta zerga murrizketak izan dira nonbait akordiorako traba nagusiak.

Angela Merkelek Lindnerren iragarpena deitoratu eta adostasuna posible zela gaineratu du. Aurrerantzean ere, "erantzukizunez" jardungo duela azpimarratu du.

Merkelen alderdiak (CDU) irabazi zituen irailaren 24ko hauteskundeak, baina ia bederatzi puntu galdu zituen. 'Koalizio handia' osatzea zen demokristauen lehen aukera, baina sozialdemokratek baztertu egin zuten. Berdeekin eta liberalekin akordio batera heltzea ere ezinezkoa izan da. Hori horrela, egoera zailean dago orain Alemaniako kantziler izandakoa.

Bilera gaur Alemaniako presidentearekin

"Bihar (gaur egunagatik) presidentearekin (Frank-Walter Steinmeier) bilduko naiz eta egoeraren berri emango diot, aukerak aztertzeko", iragarri du Merkelek.

Bidaia orria zehaztu beharko du orain Steinmeierrek: Aukeretako bat da SPD sozialdemokratei euren jarrera berrikusteko eskatzea da, 'Koalizio handia' berriro osatzeko.

Martin Schulz SPDko buruak eta Andrea Nahles talde parlamentarioko bozeramaileak berretsi dute euren asmoa oposizioan egotea dela.

Gutxiengo gobernua: inoiz izan ez den egoera

Hori baztertuta, gutxiengo gobernua osatzea da beste aukera. Hirugarren bozketan gehiengo soilez izenda dezakete Merkel kantziler. Baina Alemaniako Errepublika Federalaren historian, alegia 1940tik, inoiz ez da halakorik gertatu.

Bada besterik: Steinmeierrek hauteskunde berriak dei ditzake 60 eguneko epean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Alemania bideoak Angela Merkel albisteak Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak Alemania gaur