Mundua -
Krisi politiko eta ekonomikoa
Santos: 'Venezuela nire amesgaiztorik okerrena bihurtu da'
Egunero milaka venezuelarrak muga gainditzen dute Kolonbian lan egiteko, ikasteko edo botikak eta elikagaiak erosteko.
Agentziak | Erredakzioa
Kolonbian izan dezakeen eragina dela eta, Venezuelako krisi politikoa eta ekonomikoa "amesgaizto" guztien artean "okerrena" dela esan du Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak.
"Nire amesgaiztorik okerrena bihurtu da Venezuela. Egoerak eztanda egiten badu milioika lagun etorriko dira Kolonbiara Venezuelatik ihesi; eta hori sekulako arazoa izango da, bake prozesuan eta oro har Kolonbian, eragin bortitza izango baitu", adierazi du Santosek.
"Venezuelako egoerari irtenbide baketsua eta demokratikoa ematen laguntzen saiatu gara, baina zoritxarrez kale egin dugu", gaineratu du Juan Manuel Santosek, Londresen, Chatham House saria jaso ostean emandako hitzaldian. Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileekin lortutako bake akordioagatik jasotako saria da, Santosek Erresuma Batuan jasotakoa.
Hala ere, egoerak okerrera egin arren, Kolonbia eta Venezuela arteko muga ixteko asmorik ez duela aitortu du Santosek. Bi herrien arteko muga 2.219 kilometrokoa da, eta hamaika toki ditu herri batetik bestera legez kontra igarotzeko. Azken boladan asko eta asko dira Venezuelatik Kolonbiara igaro direnak erregaien zein elikagaien kontrabandoa egiteko, baita droga trafikoan aritzeko ere.
Egunero milaka venezuelarrak muga gainditzen dute Kolonbian lan egiteko, ikasteko edo botikak eta elikagaiak erosteko; horietako asko, gainera, Bogota, Medellin, Kali eta Barranquilla hirietara joan dira bizimodu berrien bila, migrazio agintarien datuen arabera.
"Bizimodu hobeago baten bila Kolonbiara datozen pertsonak jasotzen ditugu egunero, eta horrek zama kaltegarria bilakatzen hasi da gure hezkuntza eta osasun sistemetarako. Venezuelan egoerak txarrera egin du. Herri hortako gatazkak ezin du ehun urte iraun: aldaketaren bat egon behar da, eta espero dut aldaketa hori ahalik eta arinen heltzea", gaineratu du.