Mundua -
Gatazka
Trumpen 'zentzugabekeriei' erantzuteko mehatxua egin du Ipar Koreak
Yokotako (Tokio mendebaldean) aire-basean tropa estatubatuarrei emandako hitzaldian Trumpek adierazi duenez, 'erregimen eta diktadore bakar batek ere ez luke AEBko determinazioa gutxietsi behar'.
Agentziak | Erredakzioa
Ipar Koreak gaur ohartarazi duenez, "erruki gabeko zigorra" ezarriko dio AEBri, Donald Trump presidenteak Asian egingo duen biran "ekintza edo iruzkin zentzugabeak" eginez gero.
"Inork ezin du aurreikusi Trumpek noiz abiatuko duen zentzugabekeriaren bat. Hori kontrolatzeko modu bakarra erabateko botere fisikoa erabiltzea da", argitaratu du Rodong Sinmun Ipar Koreako Langileen egunkari ofizialak.
Yokotako (Tokio mendebaldean) aire-basean tropa estatubatuarrei emandako hitzaldian Trumpek adierazi duenez, "erregimen eta diktadore bakar batek ere ez luke AEBko determinazioa gutxietsi behar".
Ipar Korea zuzenean aipatzea ekidin duen arren, "estatubatuarren gaitasun militarrei aurre egingo dion herrialderik ez dagoela" ohartarazi du. Halaber, "AEBko tropek ez dute zalantzarik izango mehatxuei aurre egiteko", gaineratu du.
Shinzo Abe lehen ministro japoniarrarekin bilduko da Trump gaur eta bihar. Batzar horietan, Pyongyangek dituen arma-erronkak izango dituzte hizpide nagusi.