Mundua -
AEB
Donald Trumpek Jerome Powell proposatu du Erreserba Federala zuzentzeko
Senatuak bere hautagaitza onartzen baldin badu, agintaldian salneurri egonkorrak eta enplegu betea bilatuko dituela agindu du Powellek.
Agentziak | Erredakzioa
2018ko otsailetik aurrera Erreserba Federala zuzentzeko Jerome (Jay) Powell gobernadorea ofizialki proposatu du gaur Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Janet Yellenen agintaldia orduan bukatzen baita. Horrela, moneta-politikan kontinuismoaren aldeko apustua egin nahi du Trumpek. Behin betiko aukeratzeko Senatuak onartu beharra du.
Trumpek agerraldia egin du proposamenaren berri emateko. Horrela, zurrumurruekin amaitu du buruzagiak; izan ere, etorkizuneko moneta-politika erabat baldintzatuko du prozesuak.
“Powell hautagai ezin hobea da banku zentral independente bat zuzentzeko eta AEBko ekonomiari moneta-politika egokia eskaintzeko”, adierazi du Trumpek. Senatuak Powell lehenbailehen baieztatzea espero du presidenteak.
Bestalde, Senatuak bere hautagaitza onartzen baldin badu, agintaldian salneurri egonkorrak eta enplegu betea bilatuko dituela agindu du Powellek.