Mundua -
Atentatua New Yorken
Atentatuaren ustezko egilea epailearen aurrean, terrorismoa egotzita
Hurrengo saioa azaroaren 15ean izango da. FBI bigarren hiritar uzbekistandar baten bila ari da, Saipovekin lotura duelakoan.
agentziak
Sayfullo Saipov Nueva Yorkeko atentatu terroristaren ustezko egilea epailearengana eraman dute, lehen aldiz, akusazio formala egin aurretik prozesu judizialaren egoera ezagutzeko.
Saipov Barbara Moses epailearenera eraman dute, gurpildun aulki batean, polizia batek aldakan tiro egin ziolako, I-11az geroztik New Yorken izan den atentaturik lazgarriena ustez egin ostean.
Agintarien arabera, etorkin uzbekistandarrak egin zuen atentatua aurreko asteartean, eta zortzi pertsona hil eta beste dozena bat zauritu zituen, ISISen izenean.
Epaitegiko saioan izan diren kazetarien esanetan, eskuak eta oinak lotuta zituela sartu da auzitegian, hango 18:00ak pasatxo zirenean (asteazkeneko 23:00ak, gurean), bere eskubideen berri eman diezaioten.
Itzultzaile errusiar batek itzuli dizkio epaileak esandakoak, eta epaileari eskerrak emateko baino ez da Saipov ingelesez mintzatu.
David Patton ustezko terroristaren abokatuak zehaztu du ziega batera eramango zutela jarraian, Bellevueko ospitalean sendagiria jaso baitu.
Pattonek kazetarien aurrean esan duenez, Justiziak zuzen jokatzea espero du, auziak erakarri duen interesa gorabehera.
Hurrengo saioa azaroaren 15ean egitekoa da, eta baliteke orduan irakurtzea Nueva Yorkeko hegoaldeko barrutiko Fiskaltzak egingo duen akusazioa.
Terrorismoa egotzita
Bestalde, FBIk Estatu Islamikoa babestea egotzi dio Saipovi, eta zigorra biziarteko zigorra izan liteke.
FBIk iragarri duenaren arabera, bigarren hiritar uzbekistandar baten bila ari dira, Saipovekin lotura duelakoan.
Susmagarriak Mukhamadzoir Kadirov du izena; 121 urteko uzbekistandarra da. FBIk haren argazkia zabaldu du, baina ez ditu Saipovekin izan litezkeen loturak zehaztu.
Ikertzaileak Saipoven emaztearekin eta hiru seme-alabekin harremanetan jarri dira, galdekatzeko.
Trump, heriotza zigorra ematearen alde
Donald Trump AEBko presidenteak heriotza zigorra eskatu du Sayfullo Saipoventzat.
"New Yorkeko terrorista pozik zegoen EIren bandera ospitaleko gelan jartzea eskatu zuenean. 8 pertsona hil zituen, eta 12 larri zauritu. Heriotza-zigorra jaso beharko luke!", esan du Trumpek Twitterren argitaratutako mezu batean.
New Yorkeko estatuan heriotza zigorra onartuta ez badago ere, biziarteko zigorra da gogorrena, baliteke Saipovek heriotza zigorra jasotzea, terrorismoagatik epaiketa federala egiten badiote.