Mundua -
Biktimentzako omenaldia
Manifestazioa Mexikon, lurrikararen osteko berreraiketan laguntza eskatzeko
Hilabete igaro da 7,1 graduko lurrikara izan zenetik; 369 lagun hil ziren bertan, eta omendu dituzte, ukabila gora.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka lagunek hartu dute parte Mexiko Hirian egindako manifestazio batean; protestaren xedea izan da aurreko iraileko 19ko lurrikaran kaltetutako etxeen berreraiketarako laguntza eskatzea, eta, halaber, galdegitea ustelkeria berrerakitze-prozesu horretan ez agertzea.
Hilabete igaro da 7,1 graduko lurrikara gertatu zenetik; eragin handia izan zuen herrialdeko erdialde eta hegoaldeko zenbait Estatutan, eta 369 lagun hil ziren, horren ondorioz. Manifestazioan izan direnek biktimak omendu dituzte, ukabila gora; keinu hori, lurrikararen osteko lehen egunetan, larrialdi-zerbitzuetako kideek egiten zuten, gorpuren bat topatzen zutenean.
"Ustelkeriarik gabeko berreraikitzea", "nazioaren dirua, berreraikitzerako", "berreraikitze segurua"; besteak beste, mezu horiexek agertzen ziren manifestariek zeramatzaten karteletan. Batzuk zuriz jantzita joan ziren protestara.
Gardentasuna eskatu zuten, hiriak jasotako dohainei dagokienez; hainbat partikularrek, erakunde zibilek eta atzerriko Gobernuk egin dituzte dohain horiek.
Irailaren 19ko lurrikararen ondorioz (aurretik 8,2 graduko beste bat ere izan zen, baina ez zuen kalterik eragin hirian, nabaritu bazuten ere), 38 eraikin jausi ziren Mexiko Hirian.
Gainera, beste askok kalte larriak jasan zituzten; behin-behineko ikerketen arabera, 150-200 eraikin bota beharko dituzte.