Mundua -

Venezuela

18 gobernatzaile hautetsiek kargu hartu dute Asanblea Konstituziogilean

Oposizioaren bost gobernatzaileak ez dira ekitaldira joan, ez dutelako erakundea ezta emaitzak onartzen.

Gobernatzaileak, Asanblea Konstituziogilearen aurrean. Argazkia: EFE
Gobernatzaileak, Asanblea Konstituziogilearen aurrean. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko igandean Venezuelako hauteskundeetan garaile izan ziren Gobernuaren aldeko 18 hautagaiek kargu hartu dute Asanblea Konstituziogilearen aurrean, baina oposizioaren 5 gobernatzaileek uko egin diote parte hartzeari, ez baitute erakundea onartzen.

Ordezkariak Delcy Rodriguez eta Tibisay Lucena Asanblea Konstituziogilearen eta Hauteskunde Batzorde Nazionalaren (CNE) presidenteekin, hurrenez hurren, egindako ekitaldi batean jabetu dira karguaz, Noticias 24 telebista kateak zabaldu duenez.

"Errespetua, agurra eta esker onak nire partez herriaren botereari, gizalege-ekitaldi honengatik, poztasunez, berotasunez eta erabakigarritasunez", esan du Argenis Chavez Hugo Chavezen anaiak, Barinas estatuko gobernatzaile izendatu ondoren.

Rodriguez aukeraz baliatu da oposizioaren bost ordezkariei Asanblea Konstituziogilera joatea eskatzeko, kargu hartu dezaten. "Modu formalean deituta daude", esan du Venezuelako diplomaziaren burua izandakoak.

Batasun Demokratikoaren Mahaiak (MUD) aurretik iragarri zuen, kargu-hartzearen ekitaldia Asanblea Konstituziogilean egin behar zutela ezagututakoan, bere hautagaiek ez zutela parte hartuko, oposizioaren koalizioak ez baitu aitortzen erakunde hori.

"Gobernatzaile hautetsiek Konsituzioak eta Errepublikaren legeek ezarritakoa beteko dute, hortaz, Jaungoikoaren eta Lege Batzordeen aurrean baino ez dute karguaren zina egingo, ez Asanblea iruzurgile horren aurrean", azaldu du MUDek.

Gainera, MUDek ez ditu hauteskundeen emaitzak onartzen, CNEak manipulatu egin dituela uste duelako, eta Nicolas Madurorekin egiten du lotura zuzena. Zehatz-mehatz, % 0,26ko aldearekin Julio Noguerari Bolivarren emandako garaipena ezeztatzen du, Andres Velasquezen alde eginda.

Hauteskundeetako iruzurraren salaketa dela eta, bozketa prozesua "apartekoa" izan zela ziurtatu du Lucenak Asanblea Konstituziogilearen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Venezuela bideoak