Mundua -
Bidnijan
Ikerketa kazetari bat hil dute Maltan, lapa-bonba autoan jarrita
Kazetariak politikari ustelak salatu ohi zituen eta, duela bi aste, salaketa aurkeztu zuen Poliziaren aurrean pairatzen ari zen mehatxuengatik.
agentziak
Daphne Caruana Galizia Maltako kazetaria hil dute astelehenean Bidnija herritik hurbil, uhartearen iparraldean, autoan jarri dioten lapa-bonba batek eztanda eginda, Poliziak zabaldu duenez.
Caruana Galiziaren (53 urte) blogak ospe handia du, eta bertan argitaratzen zituen Maltako politikari ustelen auziak. Orain bi aste, salaketa ipini zuen Poliziaren aurrean pairatzen ari zen mehatxuengatik, Maltako telebistaren arabera.
Caruana Galiziak plazaratutako azken informazioan, oposizioko zenbait kideren aurka aritu zen. "Gaur egun, edonon dira lotsagabeak. Egoera desesperagarria da", idatzi zuen. Aipatutako blogaren beste testu batean honakoa argitaratu zuen: "Maltako bizitza publikoak gizon ezegonkor arriskutsuak jasaten ditu, ez dute ez printzipiorik ezta eskrupulurik ere".
Joseph Muscat Maltako lehen ministroaren esanetan, "prentsa askatasunaren aurkako eraso basatia" izan da. Urte hasieran, eraginkortasun falta egotzi zion Caruana Galiziak Muscati, eta, gainera, Muscaten emazteak paradisu fiskaletan kontuak dituela salatu zuen.
"Ez dut etsiko justizia egin dela ikusi arte. Gure herrialdeak justizia behar du", esan du Muscatek telebistan egindako adierazpenetan, eta batasun nazionala aldarrikatu du.
Muscaten aurkako akusazioak
Muscatek ekainean egindako hauteskundeak irabazi zituen. Bozketa aurreratua izan zen, Caruana Galiziak egindako akusazioei aurre egiteko.
Kazetariaren esanetan, datu base batean gordeta dauden agiri batzuek erakusten dutenez, lehen ministroaren emaztea enpresa baten jabe izan zen Panaman, eta lortutako dirua Azerbaijanera eraman omen zuen.
Muscatek eta emazteak salaketa jarri zuten kazetariaren kontra, kalumniak egotzita, eta ukatu egin zuten kazetariak kaleratutakoa. Muscatek gaineratu zuen auzitegietara jotzea dela difamazio baten biktima sentitzen denarentzako bide bakarra.
Erreakzioak
"Mundu guztiak daki Caruana Galizia oso kritikoa zela nirekin, bai maila politikoan, baita pertsonalean ere, baina inork ezin du ekintza basati hau justifikatu", esan du Muscatek.
Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidentea gertatutakoaz mintzatu da, eta, Twitterren adierazi duenez, Caruana Galiziaren "hilketa basatia" (horrela kalifikatu du) "bizitza osoa egiaren bila eman duen kazetari baten" adibide tristea da. "Ez dugu inoiz ahaztuko", erantsi du.
Bestalde, Julian Assange Wikileaksen sortzaileak 20.000 euroko saria eskaini du, kazetariaren hilketaren gaineko daturen bat ematen duenarentzat.
"20.000 euroko saria emango dut Daphne Caruana Galizia kazetariaren heriotzaren errudunak identifikatzen laguntzen duen edozein informazioren truke", esan du Assangek Twitterren.