Mundua -
Hauteskundeak Austrian
Austriak eskuinerantz egin du bira Kurz kontserbadorearen garaipenarekin
Igandeko hauteskundeak irabazi ditu Austrian Sebastian Kurzek, baina ezin izango du Gobernua bera bakarrik osatu, ez baitu horretarako gehiengoa lortu.
Agentziak | Erredakzioa
Austriak eskuinerantz egin du bira igandeko hauteskundeak Sebastian Kurz kontserbadoreak irabazi ostean; hala ere, ezin izango du Gobernua bakarrik osatu, ez baitu horretarako gehiengoa lortu. Ildo horretan, ultranazionalistak gobernua osatzeko kideak izan litezke.
Kurzen Austriako Alderdi Popularrak (OVP) botoen % 31,7 lortu ditu, behin-behineko zenbaketaren arabera, eta hauteskundeetan % 79,4ko partaidetza izan da.
Atzetik gelditu dira Christian Kern kantziler federalaren Austriako Alderdi Sozialdemokrata (SPO), botoen % 26,9 lortuta, eta Austriako Askatasunaren Alderdia (FPO), alderdi ultranazionalista, botoen % 26rekin.
2013ko hauteskundeetako datuekin alderatuta, kontserbadoreek ia 8 puntu egin dute gora, eta ultranazionalistek, 5,5. Sozialdemokratak, berriz, orain lau urte jasotako boto kopuru bera lortu dute.
Bestalde, oposizioan Ekologistak atera dira galtzaile, 8,5 puntu galdu baitituzte, eta ez dute boto nahikorik jaso (% 3,9) Parlamentuan sartzeko.
Aditu gehienen ustez, Heinz-Christian Strache FPO alderdi ultranazionalistaren laguntzarekin osatuko dute kontserbadoreek Austriako Gobernua.