Mundua -

Polizien matxinada Ekuadorren

Correa: 'Hemen ez dugu ez barkatuko ez ahaztuko'

Ekuadorreko presidenteak iragarri du "garbiketa sakona" egingo dutela Polizian, agenteen matxinadaren ostean. Gutxienez bost lagun hil eta beste 193 zauritu ziren ostegun honetan izandako matxinadan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak oposizioari egotzi dio polizien matxinada sustatu izana, eta gertatutakoa "Estatu kolpea" izan dela nabarmendu du. Hain zuzen ere, Lucio Gutierrez presidente ohia (2003-2005) jo du sustatzailetzat.

"Sarraskia egin nahi zuten. Presidentea iraindu, bahitu eta erreskatatzen zutenean sarraskia egin, hori nahi zuten, Gobernua ezegonkortu eta hauteskundeetan irabazi ezin zutena irabazteko", adierazi du Correak, Armadak erreskatatu eta ordu eta erdira eskainitako prentsaurreko batean.

Polizia matxinoek hainbat orduz izan dute ospitale batean gatibu, atxikita, baina azkenean Armadak indarrez erreskatatu du.

"Gaur gertatu dena konspirazio antolatua izan da", esan du, eta matxinoek aireportuaren eta telebista-kateen errepikagailuen kontrola hartu izana jarri du horren adibide.

Presidenteak azpimarratu du Estatu kolpeak porrot egin duela, "baina, noski, zauriak utzi ditu, eta luze emango dute sendatzen".

"Garbiketa" Polizian

Bestalde, Correak iragarri du zigortu egingo dituztela matxinadan parte hartu duten agente guztiak, eta Polizia Nazionalean "garbiketa sakona" egingo dutela: "Hemen ez dugu ez ahaztuko ez barkatuko, hori inpunitatea izango bailitzateke".

Prentsaurrekoa eskaintzen ari zela, Gobernuko kide batek erreskate operazioan hildako agente baten berri eman dio: "Espero dut hau guztia sustatu dutenak pozik egotea".

Azkenik, presidenteak eskertu egin du zaintzaile pertsonalen, Armadaren, hedabide publikoen eta Gobernuko kideen leialtasuna.

Matxinada

Poliziak pizgarri batzuk kendu dizkietela salatzeko atera dira kalera, baina ondoren protestak gordindu egin dira, eta hain bortitzak izan dira, ezen presidenteari eraso eta hainbat orduz atxikita izan baitutela.

Biktimen balantzea

Zortzi pertsona hil ziren, ostegunean polizien matxinadak eragindako istiluetan, Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.

Hiru lagun Quiton hil ziren eta beste bost Guayaquil kostaldeko hirian. Hain zuzen, bi polizia eta zibil bat hil ziren Ekuadorreko hiriburuan, eta bost zibil, tartean adingabe bat, Guayaquilen.

Horrez gain, 274 pertsona zauritu ziren: Quiton (200), Guayaquilen (28) eta gainerako probintzietan (46). Horietatik 191 zauri arinak dituzte, 58 arriskutik kanpo daude ospitalean, eta 25 larri daude, Osasun Ministerioaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea