Mundua -
Iruzkina
Rafael Correa, kinka larrian
Badirudi Ekuadorren gertatutakoa ez dela Estatu-kolpe antolatua izan. Hori bai, presidentearen arerioa aukera txikienaz baliatuko dira agintetik botatzeko.
Jesus Torquemada
Hugo Chavezen jarraitzailetzat jotzen da Rafael Correa Ekuadorreko presidentea. Iraultza bolibartarra jarri zuen martxan Venezuelako presidenteak; hiritarren iraultza deitzen dio bereari Correak.
Biek helburu amankomun batzuk dituzte. Adibidez, aurreko gobernuek kontuan izan ez zuten herritar xehen bizi-maila hobetzea eta AEBetako menpekotasuna murriztea. Desberdintasuna, Chavezek 12 urte daramatzala boterean, masa-mugimendu handia sortu du, eta gainera, Indar Armatuak kontrolatzen ditu.
Correa 2007an heldu zen boterera, ez du denborarik izan errotzeko, horren adibide kargua galtzeko zorian izan zela atzo. Presidentziara iritsi zenean, soldata hobekuntzak iragarri zituen, baina ekonomia krisiaren ondorioz, onura batzuk kendu egin izan behar ditu eta horrek ekarri du polizia matxinatu izana.
Gertatu dena oso larria izan da: presidenteari eraso eta atxikita izan dute. Ez du ematen antolatutako Estatu-kolpea izan denik, Correak esaten duen bezala, baina bere arerioak aukera txikienaz baliatuko dira presidentea botatzeko.
Aurrekari ugari daude Ekuadorren; lau presidente bota zituzten 1997 eta 2002 urteen artean , herri-errebolten, militarren eta konspirazio parlamentarioen ondorioz.