Mundua -
Protestak
Salbuespen-egoera ezarri du Ekuadorreko Gobernuak
Quitoko aireportua blokeatuta dago eta Correa presidenteak, Poliziaren ospitale batean harrapatuta, oposizioak bultzatutako "Estatu kolpe saiakera" baten aurrean daudela adierazi du.
Erredakzioa
Salbuespen-egoera ezarri du Ekuadorreko Gobernuak, eta Indar Armatuen esku utzi du herrialdeko segurtasuna.
Gobernuko Jauregian, Alexis Mera Presidentetzako idazkari juridikoak prentsaurrekoan azaldu duenez, "aste osoan salbuespen-egoera" ezarri du Exekutiboak, eta epe horretan militarrek Estatuko segurtasunaren ardura izango dute.
Polizia eta militarrek kaleak hartu dituzte sustapen profesionalen ezabapena dela eta. Protestek gora egin dute eta Ekuadorreko Barne eta Kanpo Segurtasuneko koordinatzaileak, Miguel Carvajal, herrialdea egoera "delikatuan" dagoela esan du, "Gobernua eta demokraziaren egonkortasunarekin amaitzeko proiektu baten aurrean", azaldu du.
Rafael Correa Ekuadorreko presidentea Poliziaren ospitale batean harrapatuta dago. Bertan hanka batean egindako zauria sendatu diote eta handik ateratzea galarazten dioten manifestariz inguratuta dago.
Ekuadorreko soldaduek Quitoko aire-basea eta presidentearen hegazkina dagoen hangarra hartu dituzte Correa herrialdetik atera dadin ekiditzeko. Era berean, presidentearen helikopteroa gordeta dagoen hangarra blokeatu egin dute.
Ekuadorreko alderdi ofizialeko parlamentariak Asanblearen barruan daude demokrazia zaintzeko ahaleginetan.
"Mariscal Sucre" nazioarteko aireportua ere itxi egin behar izan dute 150 polizia inguruk pista blokeatu ondoren.
Gobernuaren aurkako jarrera baztertzeko eskatu die poliziei eta soldaduei Ernesto Gonzalez jeneralak (Ekuadorreko Indar Armatuetako buruzagia), zuzenbidezko Estatua babesteko.
"Gizarteari, polizia nazionalari eta erakunde armatuko zenbait soldaduri euren jarrera baztertzeko eskatu diegu", adierazi du Gonzalezek telebistan.
"Estatu-kolpe saiakera"
Herrialdean jazotzen ari diren gertakariak oposizioaren "Estatu-kolpe saiakera" bat direla salatu du Ekuadorreko presidenteak, eta polizien zein militarren matxinada "aspaldi prestatutako konspirazio bat" dela gaineratu du.
Nazioartearen erreakzioa
Ekuadorreko Konstituzioa eta agintari demokratikoak errespetatzea eta elkarbizitza arriskuan jar dezakeen indarkeria saihestea eskatu du Europar Batasunak (EB).
"Ekuadorren Estatu-kolpe saiakerarik ez du onartuko" Espainiak, ohartarazi du Miguel Angel Moratinos Atzerri ministroak, polizien matxinadaren berri izan duenean.
Rafael Correaren Gobernu "legitimoa" soilik onartuko dutela adierazi du Angelino Garzon Kolonbiako presidenteordeak.
Ekuadorreko Gobernuari eta "demokraziari elkartasuna" adierazi die Celso Amorin Brasileko kantzelariak.