Mundua -
Sariak
Mikroskopia krioelektronikoaren bultzatzaileek irabazi dute Kimikako Nobela
Jacques Dubochet, Joachim Frank eta Richard Henderson zientzialariek eskuratuko dute.
Agentziak | Erredakzioa
2017ko Kimikako Nobel saria Lausanako Unibertsitateko Jacques Dubochet, Columbia Unibertsitateko Joachim Frank eta Cambridgeko MRC Laboratory of Molecular Biologyko Richard Henderson zientzialariek irabazi dute.
"Molekulak aztertzeko mikroskopia krioelektronikoa garatzen" egin duten lana saritu nahi du horrela epaimahaiak, horiei esker "molekulen bereizmen handiko irudiak" zehazteko eman den aurrerapausoa aitortzeko.
Denbora luzean, zientzialariek uste izan zuten mikroskopio elektronikoek hildako materia aztertzeko bakarrik balio zutela, duen elektroi-sorta indartsuak material biologikoa suntsitzen baitu.
Proteina baten hiru dimentsioko irudia
Dena den, 1990ean, Hendersonek lortu zuen proteina baten hiru dimentsioko irudia sortzea, bereizmen atomikoarekin, teleskopio elektroniko bati esker; horrek egiaztatu zuen teknologia berri horren indarra.
Frankek, bere aldetik, teknologia berri horren aplikazioak orokortzea lortu zuen, eta metodo bat garatu zuen bi dimentsioko irudiak 3D-ko bilakatzeko.
Dubochetek ura gehitu zion mikroskopio elektronikoari (ordura arte, hori ezinezkoa zen; izan ere, hutsean lan egiten du); horretarako, beiratu egin zuen, lagin biologiko baten inguruan bere forma likidoan behar bezain azkar solidotuz. Horrela, biomolekulek euren forma naturalari eutsi zioten, hutsean ere.