Mundua -
Nobel Sariak
Fisikako Nobel saria grabitazio-uhinen aurkitzaileei eman diete
Rainer Weiss, Barry C. Barish eta Kip S. Thorne AEBko zientzialariek modu "ordainezinean" lagundu dute Interferometria Laserragatik Grabitazio Uhinen Behatokia martxan jartzen.
Agentziak | Erredakzioa
Rainer Weiss, Barry C. Barish eta Kip S. Thorne Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaileri eman diete aurten Fisikako Nobel saria, "LIGO proiektua bultzatu eta grabitazio-uhinen behaketan aurrerapauso erabakigarria emateagatik", Suediako Zientzietako Akademiak gaur jakitera eman duenez.
Epaiaren arabera, hiru sarituek "gogo biziz eta ausardiaz" lagundu dute modu "ordainezinean" Interferometria Laserragatik Grabitazio Uhinen Behatokia martxan jartzen.
"Lau hamarkada lanean" eman ostean, Albert Einsteinek mende bat lehenago Erlatibitatearen Teoria Orokorrean aipatu zituen uhin grabitazionalak atzeman zituzten lehen aldiz 2015eko irailaren 14an. Hogei bat herrialdetako mila zientzialarik parte hartu zuten bertan.
Lurrera "oso ahul" iritsi zen bibrazioa duela 1.300 milioi urte bi zulo beltzen artean izandako talkatik zetorren, epaimahaiaren arabera.
Neurketa "astrofisikan etorkizun handiko bilakaera da jada", akademiak ohar baten bidez esan duenez.